Bizikletak garbitzeko eta konpontzeko gune berri bat erabilgarri dago Mallabian

Anboto 2023ko api. 25a, 11:00
Bizikletak garbitzeko gune berriaren irudia.

Arteiz kaleko 4. zenbakian, udaletxearen atzean dago kokatuta.

Mallabiak bizikletak konpontzeko bizikleta-puntu bat du Arteiz kaleko 4. zenbakian, udaletxearen atzean. Erabilera libreko eta doako estazioa da, txirrindulariek bizikletetan konponketa txikiak eta mantentze-lanak egin ahal izateko beharrezko tresnekin hornitua, hala nola gurpilak puztea edo aldatzea, torlojuak estutzea, balaztak doitzea edo ziztada bat konpontzea.

Puntu honetan bihurkinak, giltza ingelesa, giltza finkoak, allen giltzak eta pneumatikoen estalkiak desmuntatzeko eta muntatzeko tresnak daude. Puzteko, mahuka eta balbula bidezko konektoreak dituzte, puzteko eskuzko sistema batekin eta aire-presioa kontrolatzeko manometroarekin.

Gainera, ur-hornidura dosifikatua duen mahuka baten bidez garbitzeko aukera ematen du. Zutabeak berak eusteko besoak ditu, bizikleta esekitzeko, elementuak lantzen diren bitartean. "Dagoeneko martxan dagoen zerbitzua oso erabilgarria izango da, batez ere mendiko txirrindularitza amaitu ondoren bizikleta garbitu edo konponketak egin nahi dituztenentzat", adierazi dute udaletik ohar batean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!