Gu Ta Gutarrak

[BIDEOA] Mallabia Aitor Elordiren kamisetekin beteta, biharko partidu garrantzitsuaren atarian

Anboto 2023ko mar. 17a, 15:00

Batzuek kamiseta urdina erosi dute eta beste batzuek gorria, baina denetan izen bera ageri da bizkarrean: Aitor Elordi.

Mallabitar batzuk Elordiren kamiseta eskuratzen zebiltzala ikusita, Mallabia I Pilota Eskolatik eskaera handi bat egitea pentsatu zuten, kamiseta gura zutenei lana errazteko. 30 bat banatzea itxaroten zuten, baina aurreikuspen denak labur geratu dira eta 120 mallabitarrek eskuratu dute kamiseta.

Pilota eskolak topaketa bat antolatu zuen atzo Mallabiko pilotalekuan. Hantxe batu ziren kamiseta erosi dutenak eta Aitor Elordi, eta familia argazki bat atera zuten denek elkarrekin. Kamiseta asko umeenak ziren. Elordik ondo ezagutzen ditu ume horietako asko martitzenetan eta eguenetan eurekin batera ibiltzen delako pilotan Mallabia I frontoian.

Partidu erabakiorra, bihar

Aitor Elordi mallabitarrak eta Jose Javier Zabaletak garaipen bategaz hasi dute binakako txapelketako finalerdietako ligaxka: 22-14, Peñaren eta Mariezkurrenaren kontra. Zapatu honetan, Iruñeako Labriten, lehenengo jardunaldiko beste irabazleak izango dituzte aurrez aurre: Laso eta Imaz. Bikote irabazleak hanka eta erdi izango du finalean.

Morgaetxebarria

Aimar Morgaetxebarria zornotzarra ere bikain dabil; kasu honetan, Promozio Mailan. Finalerdietako ligaxkara sailkatzea lortu du bere lehenengo parte hartzean. Zoritxarrez, Bakaikoak eta biek galdu egin zuten ligaxkako lehenengo partidua, eta gaur gauean nahitaez irabazi behar dute Zeanurin, Salaberriaren eta Etxabarriaren aurka.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!