“Udan Saharako ume bat harreran hartzea oso esperientzia positiboa da, oso gomendagarria”

Anboto 2023ko mar. 17a, 08:46

Maitane Polo Gerrikabeitia (Zornotza, 1984) eta Julen Pradera Olaso (Mallabia, 1984) senar-emazteek iazko esperientzia errepikatzea erabaki dute. Aurten ere Saharako Enguia neskatoa hartuko dute harreran. Haurrak 8 urte ditu. 

Kanpalekuetan errefuxiatuta bizi diren ume sahararrak harreran hartzeko Oporrak Bakean programa martxan da dagoeneko. Mallabiko familia honek 8 urteko Enguia neskatoa izango du harreran, udan, Río de Oro elkartearen bitartekaritzagaz. Enguia, baina, ez da etxeko txiki bakarra izango. 9 urteko Jare eta 5 urteko Maddi ahizpak izango ditu lagun.  

Iaz harrera familia izan zineten, lehenengoz, eta aurten esperientzia errepikatzea erabaki duzue.  
Maitane Polo Gerrikabeitia: Izurria zela eta, Oporrak Bakean programa etenda egon zen urte bian. Eta gogoratzen dut iaz, kotxean nindoala, programari berrekingo ziotela entzun nuela irratian. Familiak behar zituzten harreran. Gaiak hunkitu egin ninduen eta Saharako ume bat harreran hartzea proposatu nion Juleni. Laguntzeko gogo hori genuen. 

Julen Pradera Olaso: Esperientzia aberasgarria eta berezia izan zen iazkoa. Aukera polit eta interesgarri bat izan zitekeela ikusten genuen. Egonaldi hauek hilabete biko iraupena izaten dute normalean, baina iazkoa hile bakarrekoa izan zen. Horrenbestez, aurten aukera paregabea dugu esperientzia errepikatu eta hile bian elkarregaz egoteko. 

Enguia hartu zenuten harreran. 8 urteko ume sahararra. Zelako esperientzia izan zen?
M.P.G.: Sekula ez zait ahaztuko Enguia gurera etorri zen eguna. Izurtzako aterpetxean hartu genuen. Furgonetatik jaitsi zen lehenengo umea izan zen bera, eta energia bor-bor zeukan. Izugarri pozik zegoen, zarata batean. Ume bizi-bizia da, ipurtarina, oso-oso maitagarria. 
J.P.O.: Berarentzat berria zen dena. Dena ikutu behar zuen, dena egin, dena esperimentatu. Hizkuntza dela eta, hemengo kontuen ezezagutza dela eta, hasieran kudeatzeko gatxak izan daitezkeen momentuak bizi ditzakezu, baina egunek aurrera egin ahala primeran doa dena. Euskaraz berba egiten hasi zen. Astebetera esaldiak lotzeko gai zen. Jatekoagaz ere ederto moldatu zen. 

Esperientzia honek zein ekarpen egin dizue, zer ikasi duzue Enguiagaz?
M.P.G.: Asko ikasi dugu Enguiak bizirik irauteko duen grina horregaz, bizitzaren arlo txiki guztiak gogoz bizitzeko grina horregaz. Askotan galdetzen zigun, "zer egingo dugu gero?, zer egingo dugu bihar?". Ekintza txiki guztiak barru-barrutik bizi ditu. 
J.P.O.: Gogoan dut Enguia harreran hartu eta Baqueirara joan ginela oporretan. Hango belardietan etzaten zen, belarra sentitzeko. Beharbada horixe izango zen Enguia gehien harritu zuen esperientzia, belarra ikutze hori. Eta, jakina, hondartza eta itsasoa ikustea ere bai. Zuretzat arruntak, txikiak, izan daitezkeen kontuak dira, baina berarentzat oso ilusionagarriak izan daitezke. Beraz, esango nuke gauzak baloratzen erakutsi digula. Daukaguna baloratzen ahalegintzen gara, daukaguna gehiago baloratzen. 
M.P.G.: Ia-ia astero egiten dugu bideo-deia. Izen guztiekin gogoratzen da. Zelan amama? Zelan aitita? Gu guztiok zelan gauden jakin gura du. Eta euskaraz egiten digu.

Eta zer ikasi zuten Maddi eta Jare alabek esperientzia honegaz?
M.P.G.: Asko ikasi dute elkarren ondoan egonda. Gure alabek, adibidez, balio batzuk jaso dituzte Enguiari eskerrak. Beste errealitate batzuk ere badaudela ikasi dute. Gure txikia txikia da oraindino, baina alaba nagusiak, bai, barneratu du hori. Kontziente da egoeraz, eta eskolan ere landu dute. Enguiak beste kultura batzuk ezagutu ditu, hemen ere badira-eta beste errealitate asko.
J.P.O.: Partekatzea da ikasi duten beste gauza bat. Arropak partekatzea, jolasak partekatzea, etxeko espazioa partekatzea... hori ere ikasi dute. 

Oporrak Bakean programan parte hartzeko gonbitea egingo zeniekete gainerako familiei?
M.P.G.: Bai, zalantzarik barik. Esperientzia honek alde positibo ugari du. Herrialde bat ezagutzen duzu, bertan bizi duten errealitate gogorra ezagutzen duzu, Saharako herriak duen historia ere bai. Dena da aberasgarria, eta oso gomendagarria deritzot harrera familia egiteari.


ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!