Mallabiko Udala "prest" Ermuko Udalagaz eta plataformagaz batzeko, kamioien trafikoaren harira

Joseba Derteano 2023ko mar. 13a, 09:06

Ermuko herrigunetik pasatzen den kamioi kopuruak hango herritarren artean eragiten duen kezka ez da gai berria. Arazoa konponduko lukeen saihesbidea egiteko asmoa ere aspaldikoa da. Bere sasoian, Bizkaiko Foru Aldundiak hiru fasetan banatu zituen lanak. Euretariko bat 2018an amaitu eta inauguratu zuten: N-634 errepidea San Lorentzoko biribilguneagaz eta Eibarko saihesbideagaz zuzenean lotzen duena, hain zuzen ere, Ermuko herrigunera sartu beharrik barik.

Baina gainerako fase biak egiteko daude: Urtia eta Goitondo industrialdeetara joango diren bide zatiak. Oraintsu, Ermuko auzokideen plataformako kideek euren egoera azaltzeko aukera izan dute Bizkaiko Batzar Nagusian. Eta proposamen bi egin dituzte kamioien trafikoa beste toki batzuetatik bideratzeko industrialde bietara.

Urtiara joateko, honako alternatiba hau aurkeztu dute Eibarretik datozenentzat: saihesbidea hartzea eta Areitio gainean Mallabirantz hartzea industrialdera heltzeko. Kasu honetan, Mallabia herrigunetik pasatuko lirateke kamioiak, Mallabarrena ingurutik, hain zuzen ere. Goitondora joateko proposamena hauxe da: autobidean Abadiñoraino joatea (kamioi horiek ez lukete bidesaririk ordainduko); handik Trabakura eta Trabakua gainetik industrialdera, BI-2301 errepidetik.

Mallabiko Udalak ohar bat atera du gaiaren inguruan. Ohar horretan, udalbatza osatzen duten alderdi bien (EAJ eta EH Bildu) iritzi bateratua jasotzen da. Batetik, proposamen biekin Batzar Nagusietara jo aurretik, eurekin batzartu beharko zirela uste dute: "Azpimarratu gura dugu plataforma hori hartu-emanetan ipini behar zela Mallabiko Udalagaz, eta baita udalbatza osatzen duten alderdi politikoekin eta Mallabiko auzo-plataformekin ere, alternatiba horien alde onak eta txarrak bertatik bertara ezagutzeko, beste erakunde batzuei proposatu aurretik".

Horregaz batera, elkarlanerako deia egin diete platarformari eta Ermuko Udalari: "Prest gaude Ermuko Udalagaz eta plataformagaz batzeko, saihesbidearen faseak egiteko izapideak arintzeko eta udalerri biei berdin eragiten dien arazo hori konpontzeko".  Hala ere, argi dute "geratzen diren fase biak amaitzean helduko dela benetako konponbidea ".

Mallabian ere trafiko arazoekin "gogaituta" daudela diote. "Goita auzoan, adibidez, trafiko arazoak izan dira Goitondorako joan-etorriekin, hainbestetan salatu dugun moduan. Trabakuko trafikoak sortzen duen arriskua ere begi bistan dago", gaineratu dute.  

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!