Jolasak gune bitan daude. Alde batetik, aurretik zegoen parkearen leku berean baina azalera handitxoagoa hartuta, inguratzen duen lorategiaren mugaraino heltzen baita orain. Gune horretan sei jolas berri ipini dituzte. Euretariko bat erdigunean dorre bat duen joko unitatea da, soka-arrapala, txirrista eta suhiltzaileen barra banagaz konbinatuta. Kai bikoitzeko kulunka unitate bat, lurzoru gogorreko kono birakariko unitate bat eta igotzen eta jaisten den kulunka unitate bat dira gune horretako beste jolas batzuk.
Bestetik, Elizaren eraikinaren ondoan dagoen berdegunearen zati txikian oreka-jolasak ipini dituzte belarretan. Horrela, jolasgunea eta Elizalde plazara igotzeko ezpondan dagoen txirrista handia lotu dituzte. Eremu berri honetan lau oreka-elementu instalatu dituzte. Robinia tindatuzko zurezko 2 zutoinek eta oreka-sokak osaturiko elementu-unitate bat eta sokazko sare horizontaleko oihal bat dira gune honetako elementuetariko bi.
Segurtasuna eta inklusibitatea
“Parkeko haurrentzako gunea berritzeko orduan, espazioa haurren gozamenerako baliagarria izatea zen gure helburua, adin bakoitzerako jolas egokiekin, segurtasuna eta inklusibitatea bermatuz, Mallabiko haur guztiak jolas daitezen bertan”, azaldu du Igor Agirre herriko alkateak.
Haur parkea egiteko lanak urtarrilaren hasieran esleitu zituzten eta hile eta erdi geroago amaitu dituzte. Proiektuaren kostua 62.661 eurokoa izan da.