Mallabiko aurrekontuetan, inbertsio nagusiak Zubitegira eta aterpe zaharra berrurbanizatzera

Anboto 2022ko abe. 20a, 09:09

Azaro amaieran egindako osoko bilkuran 2023ko aurrekontuak onartu zituzten Mallabian, EAJren aldeko sei botogaz eta EH Bilduren abstentzio bigaz. Aurtengo zenbateko osoa 2.689.849 eurokoa da, iazkoa baino %14,4 handiagoa. 

Udalkutxaren bitartez 1.099.089 euro jasoko dituzte. Horrez gainera, zeharkako zergen partida 400.000 eurora handitu da, Eibar futbol taldea egiten dabilen kirol hiriaren garapena aurreikusita.

391.069 euroko inbertsioak aurreikusi dituzte 2023rako. Kopuru horren zati bat Zubitegi parkea berrizteko izango da, zaharkituta dago eta. Gainerakoa Antsoaga aldeko barandak berritzearen hirugarren fasea egiteko, parkeko aterpe zaharra berrurbanizatzeko eta toponimia kartelak ipintzeko erabiliko dute. Bestetik, natura-ondarea babestea eta berreskuratzea da aurrekontuen "ardatzetariko" bat. Horretarako, informazio panelak ipiniko dituzte, Osmako perratokia leheneratuko dute, bide osasungarri berriak berreskuratuko dituzte (Mallabarrena-Osmako pista, esaterako), eta Oizko tumuluak mantenduko dituzte. Horrez gainera, "iraunkortasunaren aldeko apustua" egiten jarraitu gura dutenez, 40.000 euroko diru atala gorde dute udal auto elektriko bat erosteko.

Arlo sozialean, 30.000 euro Gizarte Larrialdietarako Laguntzetarako erabiliko dituzte. Arlo honetan %20ko igoera egon dela nabarmendu dute. Horrez gainera, hainbat diru laguntza mantenduko dute; besteak beste, berdintasun arlokoa, herriko elkarteena eta jaietakoa. Bestalde, 18.500 euroko atala gorde dute gimnasioko makineria berritzeko. 

"Herritarren ongizatea bermatzea eta euren bizi kalitatea hobetzen jarraitzea dira 2023ko aurrekontuen helburu nagusiak, eta baita udalerri aurreratu bat eraikitzen jarraitzea ere, eremu sozial, ekonomiko eta jasangarrian, zerbitzu guztiak mantenduz eta hobetuz", azaldu dute gobernu taldekoek.

EH Bildu abstenitu egin da. "Iaz eta orain urte bi lez, aurten ere ez digute deitu aurrekontuei buruz berba egiteko. Batzarra antolatzeko ekimena gobernu talderarena izan behar dela uste dugu. Ez gaude aurrekontuen kontra, baina hainbat gauza beste era batera planteatuko genituen. Esaterako, ados gaude Zubitegin parkea egiteagaz, baina beste era bateko parkea izatea gura genuke", adierazi du Aitor Loiola zinegotziak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!