Mallabian, Zubitegi inguruan, kirol parke berria egiteko proiektua esleitu dute

Anboto 2022ko abe. 1a, 08:30
Kirol parkearen infografia (Irudia: Mallabiko Udala).

Parkeak hainbat gune izango ditu: padel pista bat, eskalada gune bat, bide sare bat eta bizikleta bide bat; oreka eta kalistenia gune bat, belaunaldi anitzeko gune bat eta egonaldi eta aisialdirako beste gune bat.

Mallabiko Udalean martitzenean egindako osoko bilkuran onartu zen 'Zubitegi Kirol Parkea' izeneko proiektua esleitzea, mallabitarren gizarte-, kultura- eta kirol- garapenerako aire zabaleko kirol- eta aisialdirako parkea. Bi urteko proiektua izango da 'Zubitegi Kirol Parkea', eta obrak 2023an zehar egitea aurreikusten da, udalak ohar batean azaldu duenez.

Gipuzkoako Ur Kontsortzioarekin araztegi zaharra kentzeko eta ponpaketa- sistema modernoago batekin ordezkatzeko 2019an hartutako akordioaren ondoren, Mallabiko Udalak 17.374 m2-ko partzela bat erosi zuen, Zubitegi errekaren ezkerraldean, eta bertan aire zabaleko kirolerako eta aisialdirako parke bat egokituko da. Ingurune horretan kirola eta natura uztartu gura dituzte, eta belaunaldien arteko topaketa gisa balio dezala gura dute.

Parkeak hainbat gune izango ditu: padel pista bat, eskalada gune bat, bide sare bat eta bizikleta bide bat; oreka eta kalistenia gune bat, belaunaldi anitzeko gune bat eta egonaldi eta aisialdirako beste gune bat.

Esleipenaren prezioa 1.489.911 eurokoa izan da, BEZa barne. Horietatik 275.957 euro Aldundiko kirol-azpiegituren programatik jasoko dituzte eta 100.000 euro Aldundiko Herriak Egiten programatik.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!