Ardo feria, elizpeko pilota txapelketa, kickboxing gaua eta autoen slalom probak Urriko Jaien bigarren asteburuan

Joseba Derteano 2022ko urr. 28a, 12:00

Gozategik, Chill Mafiak eta DJ Txurruk zapatu gauean eskainiko duten musika jaialdiagaz gainera, makina bat ekimen gehiagogaz gozatzeko aukera egongo da Urriko Jaien bigarren asteburuan. 

Esaterako, gaur arratsaldean herri kirol erakustaldiak daude parkean, eta elizpeko pilota txapelketako finala elizpean. Azken txapelketa honetan Mallabiko sei bikote ibili dira lehian, multzo bitan banatuta. Finala 19:00etan hasiko dira eta hauek izango dira protagonistak: Jon Gisasola eta Gartxot Mugarza Xabat Areitioaurtenaren eta Jon Egurrolaren kontra. 30 tantora jokatuko dute.

Ardo azoka
Zapatuan, Udalak eta Ardosaltsanek antolatuta, Ardo Feria egingo dute, 12:00etan hasita. Bosgarren aldia izango da aurtengoa. Ekimenean askotariko ardoak dastatzeko aukera emango dute eta herriko tabernariek egindako pintxoak ere salduko dituzte. Azokarako sarrera 7 euro izango da. 

17 upategitako 25 bat ardo probatzeko aukera egongo da. Besteak beste, honako hauek: Launa upategiko hiru ardo, Itsasmendi Bizkaiko txakolina, Nafarroako Ochoa upategiko ardo bi, La Bastidako 'El Primavera' ardoa, Bohigas eta Rimarts cavak, Gaztela eta Leongo Bierzo inguruko ardoak eta Kataluniako Tarragona inguruko ardoa. Frantziako eta Portugalgo ardoak ere izango dira.

Egun bereko eguerdian herri bazkaria egingo dute parkean, guraso elkarteak antolatuta. 

Kickboxing gaua
Kickboxing Gaua ekimen berria da Mallabian. Udalak eta Euskadiko federazioko kickboxing adarrak herriko frontoian egingo dute, 18:00etan. Amateur mailako bederatzi borrokaldi egongo dira eta euretariko hirutan Mallabiko Gerrikoak egongo dira jokoan. Gerrikoaren bila arituko denetariko bat eskualdekoa da: Indar Sport taldeko Aitor Romero. 19 urteko garaitarrak Alegria-Dulantziko Guiri Chico izango du kontrario. Galtzaileak ez du askorik itxaron beharko errabantxarako: hurrengo asteburuan berriro neurtuko dituzte indarrak Alegria Dulantzin antolatuko duten jaialdian.

Jokoan egongo diren gainerako gerriko bietako borrokaldiak honako hauek dira: Basakick taldeko Arai Sainz Txapelduna Ugao taldeko Saioa Blancoren kontra, eta Tan Tui taldeko Angela Ugarte Elite Sport taldeko Janire Carricondoren aurka. Sainz Espainiako txapelduna da Euskadiko selekzioarekin, light contact eta kick light modalitateetan. Ugartek, berriz, urrezko domina irabazia du Espainiako Txapelketan.

Sarrerak 15 euro balioko du kantxan eta 10 euro harmailetan.

Autoen slaloma
Domekako kirol ekitaldia ere nobedadea da. Goiton Beheko industrialdean autoen Mallabiko lehenengo slaloma egingo dute, 15:00etan. Euskadiko slalom txapelketarako puntuagarria izango da. Modalitate honetan, autoen zaldi kopuruak baino garrantzi handiagoa du gidariaren abileziak zirkuitu bihurgunetsuari aurre egiterako orduan.

Urriko Jaietako EGITARAUA

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!