Mallabia Kirol Elkarteak 25. urteurrena ospatuko du irailaren 23tik 25era, askotariko ekintzekin

Anboto 2022ko ira. 6a, 12:00
Mallabia Kirol Elkartearen lehenengo areto futbol taldea.

Mallabia Kirol Elkarteak 25 urte egiten ditu aurten, eta hori ospatzeko ekitaldi sorta antolatu dute irailaren 23tik 25erako astebururako. 

Areto futbolean aritu gura zuten gazteei tokia egiteko sortu zen kluba. Umetan herrian areto futbolean hasitako gazteentzat klub federatua sortu zuten. Baina elkartearen ekarpena ez da areto futbolera bakarrik mugatu, eta, denborak aurrera egin ahala, herriari bizia ematen lagundu dioten beste hainbat ekintza antolatu dute. Ezagunak dira frontenis torneoa eta maratoiak, esaterako, eta baita urtean zehar umeei begira antolatzen duten beste hainbat ekintza ere.

Irailaren 23ko bariku arratsaldea gaztetxoei zuzenduta egongo da.16:45ean gazte-parkea izango dute, Azkaldea kaleko futbol zelaian, eta 20:00etan Kantu Kolore hasiko da, herriko frontoian. Umeek abestien bitartez errazago ikasten dutela eta, Kantu Koloreko kideek abesti didaktikoak  kantatzen dituzte plazarik plaza. Kontzertuetan, adin eta gustu desberdinetako haurrei zuzenduriko kantak jotzen dituzte.

Irailaren 24ko zapatuan mahai-tenis txapelketari ekingo diote, 10:00etan, parkeko aterpean. 18:00etan DJ Txurruren emanaldia hasiko da, eskolako frontoian, eta txosna bat ere egongo da. 21:00etan, 1997ko lehenengo taldeko jokalariak eta klubaren historiako presidenteak omenduko dituzte. 

Azkenik, irailaren 25ean beste mahai-tenis torneo bat egongo da, goizean, baina kasu honetan haurrei zuzenduta. 18:00etarako, joko tradizionalak antolatu dituzte, 16 urtetik gorakoentzat. Herritarrei ekimenetan parte hartzeko deia egin diete klubetik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!