"Musika komertziala da nagusi, baina elektronikoa ere hasi da sartzen"

Anboto 2022ko uzt. 25a, 10:30

Magisteritza ikesketak egin arren, Egoitz Txurruka 'Txurru'-k komunikabideen munduan egin du bidea. Gaztea irrati kanalean eta telebistan ikusi dugu azken zortzi urteetan, eta eroso eta pozik dabilela dino. Sei urtetik hona, DJ Txurru lez dabil Euskal Herriko makina bat herritan musika ipintzen.

Zein da gaur egun jaietan modan dagoen musika?
Musika komertziala da nagusi une honetan, dudarik barik. Dena dela, nik oso gustuko dudan generoa, musika elektronikoa, ere hasi da sartzen. Euskal musika eta reggaetoia ere asko entzuten da.

Eta zein da aurtengo udako abestia?
Como si no importara (Duki&Emilia). Hego Amerikako artista asko hazten hasi direla esango nuke; trap eta musika komertziala egiten duten artistak dira, oso gazteak gainera. Bad Bunny da horren adibide, eta Titì me pregunto abestia. Bad Bunnyren azken laneko abesti guztiek arrakasta itzela izan dute. Zetaken Itzulera ere oso polita da.

DJ modura jairik jai ibiltzea egokitzen zaizu. Zeintzuk jai dituzu gustukoen? 
Nire herriko Urriko Jaiak oso bereziak dira. Urteko lehenenengoak Matienako sanprudentzioak (Abadiño) izaten dira, eta Mallabiko Urriko Jaiak azkenak. Gainera, pare bat urtean ipini izan dut musika; oso berezia da etxean aritzea. Hiri handietako jaietan musika ipintzea ere berezia da. Horien artean, Iruñekoak aukeratuko nituzke. Sanferminak egundokoak dira!

Jaizalea zara?
Bai, gaztea naiz oraindino, eta jaia eta lana uztartzen ditut (barrez). 

Une oro entzungo zenukeen kanta?
Musika elektronikoa asko gustatzen zait, asko kontsumitzen dut, euskal musikagaz eta komertzialagaz batera. Horrek osatuko luke nire playlist-a. Une honetan, beharbada, Rikkigaz batera, Josune Arakistainek Süne izen artistikoagaz ateratako Sunday dut gogokoen, entzunenetarikoena da. Zetaken Itzulera ere asko gustatzen zait.

2013an El Conquistador del Fin del Mundo telebista saioan parte hartu zenuen, Gu Ta Gutarrak etorri zen gero, eta, orain, Nos echamos a la calle saioan ikusten zaitugu. Magisteritza ikasketak egin arren, gustua hartu diozu telebistari.
Orokorrean, komunikabideei. Sorturiko aukerak aprobetxatu ditut eta dena ibili barik etorri da. Aukeratu beharra tokatu zitzaidan, eta esan behar dut zortzi urte oso oparoak izan direla, laboralki eta pertsonalki. Telebista oso iragankorra da, oso aldakorra, baina, oraingoz, zorte handia izan dut, oso ondo doa dena. 

Ikusten zenuen zeure burua horretan?
Ez, inondik eta inora! Asko ikasten nabil eta horixe da garrantzitsuena. Bide honetan jarraitu gura nuke, nire lekua topatu. Etorkizun polita duen lan polita dela uste dut, eta luzerako izatea espero dut.  Bestela... badut B plana, eta C, D... planak. 

Baduzu tarterik surferako.
Etxean dut ohola, baina olatu gutxi hartu dut azkenaldian! (barrez) Gustatzen zait surfaren mundua, baina orain crossfit-ean murgildu naiz eta 15-20 kilometroko lasterketetan parte hartzeko prestatzen naiz. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!