"Mallabiko herriari eskerrak eman gura dizkiot errekonozimendu honengaitik "

Anboto 2022ko abu. 8a, 10:30

Karmele Gisasola ‘Zelai III.’-ak txiki-txikitatik ezagutzen du herri kirolen mundua. Familian, aita eta osaba maisu ditu harri jasotzen eta aizkoran. Urte oparoa izan du, dozena bat txapel eskuratuta. Egindako lanaren errekonozimendu lez, Mallabiko txupinazoa jaurtiko du.

Zelan sentitzen zara? Zelan hartu duzu txupinazoa botatzeko eskaera?
Alkateak deitu zidan ea txupinazoa jaurti gura nuen galdetzeko. Baietz esan nion. Iaz Martxoaren 8an omenaldia egingo zidatela proposatu zidatenean zalantza gehiago izan nuen. Gero konturatu nintzen merezi zuela, aurretik ezin izan zutela beste emakume batzuek egin, herri kiroletan ez dugulako hainbeste leku izan. Nonbaitetik hasi behar zen. Mallabiko herriari eskerrak eman gura dizkiot errekonozimendu honengaitik.

Pentsatu duzu pregoian zer esan?
Ez dakit zehatz-mehatz zer esango dudan, baina emakumeei bideratuta egongo da. Ez dezagun ahaztu lehen emakumeek ez zutela aukerarik eduki, emakume izatearren. Plaza gure lekua ere bada, eta aldarrikapen hori egingo dut. Hauxe da gure momentua eta aprobetxatu egin behar dugu.

Herri kiroletan, emakumeen ikusgarritasuna inoizko handiena da. Zu ez zara hasiberria. Zelan bizi izan duzu prozesu hori?
Aitak 20 urtean ez zuen plazarik konpartitu emakumeekin. Neska batek harri jasotzen hasi gura zuen eta aitak erakutsi zion. Apurka-apurka gertatu den aldaketa bat izan da. Txapelketa asko berriak izan dira guretzat. Ez genekien zein pisu ipini. Pentatloian, adibidez, bost proba dira. Mutiletan zehaztuta dago zenbat egin behar duten eta zenbat kilo. Nesketan 200 gutxi da, 300 asko? Moldatzen joan garen gauza bat izan da orain arte ez delako ezer egin . Euskal Herriko harri-jasotze txapelketetan pisuak jaitsi egin dira, bestela ez litzateke-eta txapelketarik egingo. Kontziente naiz orain dela 10-15 urte harri jasotzen ibili ziren neskek guk gaur egun dugun baino maila hobea zutela. Pisu gehiago jasotzen zuten eta oso zentratuta zeuden lan horretan. Kapazitate sinestezina zuten. 

Zelako egutegia duzu udan?
Ekitaldiz beterikoa. Erakustaldiak ematen gabiltza han eta hemen, eta txapelketak ere baditugu. Urtea amaitu arte astebururo dugu zeozer. 

Zein modalitatetan aritzen zara?
Bizitzan sekula ere ez zait gustatu gauza bakar batean zentratzea. Ez dut horretarako balio. Horregaitik, trontzan hasi nintzen, ingudeagaz jarraitu nuen, harriak probatu nituen gero, eta aizkora azkenik. Hasierako urteak emankorrak izatea dakar horrek, baina gauza bakar batean ondo zentratzen ez banaiz, ezingo dut benetan lan ganorazkorik egin. 

Oraingoz, ondo doakizu. Iaz garaipen mordoa lortu zenuen.
Iaz, dozena bat txapel baino gehiago irabazi nituen. Euskal Herriko hiru modalitatetan, harri jasotzen, ingudean eta pentatloia, Sherpako aizkorakoa, Bizkaiko aizkorakoa, harri-jasotzekoa eta ingudekoa. Hau errepikatzea oso gatxa izango da. Beste neska batzuk ere hasi dira, eta oinarri sendoa dute kirolean. Gainera, oso zentratuta daude modalitate batera. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!