Antzinako eta gaur egungo bizikletak ikusgai izango dira Mallabian lehenengoz antolatuko duten Bizikleta Azokan

Joseba Derteano 2022ko uzt. 1a, 11:00
Askotariko bizikletekin Ermuan antolaturiko erakusketako irudia.

Bizikleta zaleek azoka berri bategaz gozatu ahalko dute zapatu honetan, Mallabian. Bizikleta historikoak, gaur egungoak, materialen salmenta, bizikleta konpontzeko gunea… Plazan hainbat postu ipiniko dute, 09:00etatik 14:00etara.

Egoitza nagusia Mallabian duen Decomesa enpresa da erakusketaren antolatzailea. Pandemian 25 urte bete zituen, baina orduan ezin izan zuten ospatu eta ekimena atzeratu egin behar izan zuten. Decomesa Extremadurako afizionatu mailako txirrindularitza talde bateko babeslea da eta asteburuan Euskal Herrian egongo dira denboraldiaurreko prestakuntza modura. Hori aprobetxatuta antolatu dute azoka Mallabian, eta txirrindularitza taldekoak ere hantxe egongo dira. 

Aspaldiko bizikletak
Azokako osagai bat bizikleten erakusketa izango da. Gaur egungoak ez ezik klasikoak ere egongo dira ikusgai, 80ko eta 90eko hamarkadakoak. Esaterako, California bizikletak erakutsiko dituzte. "Bere sasoian, bizikletaren erdian malgukiak izateagaitik egin ziren ezagun", azaldu du azokako antolatzaileetarikoa den Raul Pelayok. Motoreta estiloko bizikletak ere egongo dira. "Bizikleta hauek L itxurako eserlekua zutelako igaro dira irudimen kolektibora", gogoratu du. Horregaz batera, bizikletako markoak zuragaz egiten dituen ekoizle bilbotar bat ere joango da bere diseinu bereziak erakustera.

Bizikleta elektrikoak
Beste postu batean bizikleta berriak eta bizikleta elektrikoak erakutsiko dituzte. Horrez gainera, beste postu batean bizikleten ordezko piezak (eserlekuak, balaztak, kateak…) eskuratzeko aukera egongo da eta mekanikari batek konponketa txikiak dohainik (zulaketak, balaztak…) egingo ditu. "Askotariko azoka antolatzen ahalegindu gara. Denerik egongo da. Azken batean, bizikletaren inguruko jai bat izatea gura dugu", azaldu du Pelayok. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!