Zapatuko kontzertuan, Tenpora taldeak musika ipiniko die Mallabiko Mendibil abesbatzak abesturiko kantei

Joseba Derteano 2022ko mai. 27a, 12:00

Mendibil abesbatzak eta Tenpora taldeak kontzertua emango dute zapatuan, 19:00etan, Mallabiko elizan. Emanaldia elkarlanaren emaitza da. Tenporak musika ipiniko die abesbatzak abesturiko kantei.

Hamabi abestik osatzen dute kanta zerrenda. Euretariko hamaika euskarazkoak dira, hala nola Negua joan da ta, Maitia nun zira, Baratze bat eta Mendian gora. Abesti bat Afrikakoa da, Honono izenekoa, eta Mendibileko kideek jatorrizko hizkuntzan abestuko dute. 

Urmuga ekimenaren barruan musikarien eta abesbatza baten arteko kolaborazioa ikusi zutenean, mallabitarrak Urmugakoekin hartu-emanetan ipini ziren. Haiek, kolaborazio horretan aritu zen Tenpora taldeko Juantxo Zeberio teklistarengana bideratu zituzten. Tenporakoak horrelako elkarlanetan aritutakoak dira eta ideia ona iruditu zitzaien. Orduan hasi zen elkarlana.

Lehenengo, abestien zerrenda erabaki zuten. Lehenengo entsegua Aste Santu aurretik egin zuten, Mallabian, Zeberiogaz. Eta joan zen barikuan talde bietako kide guztiak batu ziren, Mallabian, entsegu orokor baterako. Zapatuan bertan, kontzertuaren aurretik, berriro errepasatuko dituzte abestiak. "Entseguak oso ondo joan dira eta ilusionatuta gaude", adierazi du Mendibil abesbatzako zuzendaria den Iratxe Uribelarreak. Kontzertua doakoa izango dela azaldu dute antolatzaileek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!