Afizionatuetan erreferente den Biharko Izarrak pilota txapelketa datorren astean hasiko da Mallabian eta nobedade batekin dator: emakumeen txapelketa antolatu dute lehenengoz. Lau pilotarik parte hartuko dute: Miren Larrarte, Amaia Aldai, Enara Gaminde eta Olatz Arrizabalagak. Goi mailako pilotariak dira, gaur egun dauden onenetakoak. Horren erakusgarri da honako datu hau: lau pilotarietatik hiruk, Arrizabalagak, Aldaik eta Gamindek, Master Laboral Kutxa Cup txapelketako finala jokatuko dute domeka honetan, Irunen.
Lau t'erdian ariko dira, buruz buru. Lehenengo finalerdia maiatzaren 19an izango da, Larrarteren eta Arrizabalagaren artean; bigarrena maiatzaren 26an jokatuko dute Gamindek eta Aldaik. Finala mutilekin batera jokatuko dute, baina oraindik data ez dago zehaztuta.
Hurrengo urteetan "oraindino hobea" den txapelketa antolatu gura dute emakumeetan Malle pilota elkarteko Carlos Garciaren esanetan. Pilotari gehiago batuko dituen txapelketa antolatzea da helburua. Olatz Arrizabalagak positiboki baloratu du antolatzaileek emandako urratsa. "Mutil afizionatuetan erreferente diren txapelketetan nesken atala egotea garrantzitsua da Diario Vasco, Antiguo eta Zaldibarko Olazar moduko txapelketetan gertatu den moduan", adierazi du.
Mutiletan 16 pilotari daude bi multzotan banatuta. Joko sistema betikoa da: bikoteak txandatzen joango dira partidu batetik bestera. Jardunaldiak eguenetan, 21:15ean, izango dira, maiatzaren 31n hasita.
Morgaetxebarria eskualdeko ordezkari bakarra
Durangaldeak ordezkari bat izango du txapelketan: Aimar Morgaetxebarria zornotzarra.Bere bigarren parte hartzea izango da. Lehenengoan ezin izan zuen askorik erakutsi, hasi eta berehala txapelketa bertan behera utzi zutelako pandemiagaitik.
Aurten "ahalik eta lanik onena" egitea du helburu. "Irabaztea denoi gustatzen zaigu, baina nire helburu nagusia frontoitik gustura irtetea da", adierazi du. Maiatzaren 31ko lehenengo jardunaldian jokatuko du. Elolak eta biek De la Fuente eta Prieto izango dituzte kontrario.
Beñat Rezustak irabazi zuenekoa
Urtero hainbat pilotari profesional izaten dira txapelketaren aurkezpenean. Atzo Trabakua Behekoa jatetxera gerturatutakoen artean Beñat Rezusta zegoen. Atzelari bergararrari gomuta onak dakarzkio txapelketak 2013an irabazi egin zuelako. Xabi Urbietarekin jokatu zuen, Eric Jakaren eta Kerman Galarzaren kontra. "Orduan ere txapelketa potentea zen. Gainera, formatu diferente honekin partidu mordo bat jokatzea segurtatzen da eta hori polita da pilotariarentzat. Beste batzuetan partidu bat galdu eta kalera zoaz ", adierazi zuen.