Juan Luis Irazola Mallabiko abeltzain eta garraiolariak iruzurra salatu du. Ganaduzaleen arteko negozio batean, ustezko iruzurgileak 15.700 euro utzi ditu zorretan. Irazolak azaldu duenez, ganaduzale batek Biescasetik (Huesca) Kantabriara 22 txahal garraiatzeko kontratatu zuen. Joan zen barikuan, urtarrilak 28, txahal horiek Huescan jaso eta mallabitarrak Cantabrian entregatu zizkion ganaduzaleari. Biescaseko abeltzainak 15.000 euro jaso behar zituen 22 txahal horiengaitik, eta Irazolak 700 garraioagaitik.
Mallabitarrak dioenez, kobratzeko orduan Kantabriako ganaduzaleak ordainketa eginda zegoela erakutsi zion mugikorrean. "Barikua zenez, pentsatu nuen transferentziak denbora tardatu zezakeela nire kontuan agertu arte", dio Irazolak. Baina kopuru hori oraingoz ez da mallabitarraren kontuan agertu, ezta Biescasekoaren kontuan ere. Horregaitik, gertaturikoa publiko egitea erabaki dute. "Horrelako iruzurrak gertatu arren, abeltzain askok ez dituzte salatzen, lotsagaitik edo. Baina garrantzitsua da gertatu denari zabalkundea ematea jendea jakinaren gainean egon dadin eta horrelakorik berriro gertatu ez dadin", gaineratu du Mallabiko Goita auzoko abeltzainak. Publikoki salatzeaz gainera, Irazolak eta beste abeltzainak salaketa ipini dute, bakoitzak dagokion lekuan. Orain, salaketa horrek egin dezakeen bidearen zain daude. Baserri mundua ez dabil sasoi ona pasatzen, eta, Irazolaren ustez, horrelako iruzurrak "geroago eta gehiago" gertatzen ari dira.