[BIDEOA]: Gizonen Itzuliko Mallabiko etapa San Pedro ermitaren parean amaituko da herrigunea behetik gora zeharkatu ostean

Joseba Derteano 2022ko urt. 28a, 13:00

Txirrindulariak Elizalde Plazatik eta Roke Deunaren eta Kalbario kaleetatik igaroko dira apirilaren 8ko etapan, %18ra arteko maldei aurre eginez.

Apirilaren 8an, Mallabiak lehenengoz hartuko du gizonen Itzuliko etapa amaiera bat. Ibilbideari erreparatuta, azken metroak ikusgarriak izan daitezke. Herria behetik gora zeharkatu eta San Pedro ermita parean helmugaratuko dira ziklistak.

Amaiera 17:00 ingururako aurreikusita dago. Txirrindulariak Ermutik etorriko dira. Herri sarrerako bidegurutzean Areitiorantz hartuko dute eta Elizalde Plazatik sartuko dira herri barrura. Handik helmugara arteko 500 metroak aldapa gora da. Eliza ondotik Roke Deunaren kalea igoko dute lehenengo, eta kultur etxearen ondotik, Kalbario kalea ondoren, San Pedro ermita gainera heldu arte. Txirrindulariek Kalbario kalean aurkituko dituzte igoerako maldarik gogorrenak: %18ra artekoak, hain zuzen, udaleko kalkuluen arabera. 

Etapari lotutako azpiegiturak ermitaren alde banatara dauden baserrietarako bidean kokatuko dituzte. Podiuma, aldiz, jubilatuen  tabernaren aurreko aparkalekuan jarriko dute. Horrela, herriaren erdialdean egingo dute irabazleei dagokien sari banaketa.

Herriguneko bide zatia etapako beharretara egokituko dute. Esaterako, Kalbario kalean dauden piboteak kendu egingo dituzte eta espaloia eta biderako maila parekatzeko arrapala bat jarriko dute. 

Etapa amaierak trafikoan eragingo du. Ermita ondoko baserrietarako sarrera-irteera itxita egongo da goizetik. Beste toki askotarako sarrerak berriz etapa Mallabira hurreratu ahala itxiko dituzte. 

Maiatzaren erdialdean emakumeen Itzuliko etapa bat ere Mallabian hasi eta amaituko da, baina oraindino ez dago erabakita herri barruko ibilbidea zein izango den.

Etapa biak Mallabira ekartzeko 30.000 euro inbertituko ditu udalak. Antotzaileekin adostutako kopurura heltzeko falta dena herriko enpresen ekarpenekin lortuko dute.

Udaleko balorazioa

Igor Agirre alkateak (EAJ) lasterketak eskaini dezakeen ikuskizuna baloratu du. "Nazioarteko txirrindulari onenak herrian ikusteko aukera izango dute herritarrek eta Mallabia herria lau haizetarako zabaltzeko aukera ere eskainiko du". 

EH Bilduko Aitor Loiolak ere balorazio "positiboa" egiten. "Herrian kanpoan ezagutaraziko da eta gainera Mallabian txirrindularitzarako afizio handia dago".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!