Mallabia txirrindulari zaleen bilgune bihurtuko da apirileko eta maiatzeko egun banatan. Apirilaren 8an gizonen Itzuliko azken aurreko etapa, Zamudion hasiko dena, Mallabian amaituko da. Itzulia behin baino gehiagotan igaro da Mallabitik, baina apirileko hori izango da amaiera bat hartuko duen lehenengo aldia. Igor Agirre alkatea Itzuliko antolatzaileekin geratu da bihar horrelako etapa bat hartzeko behar diren azpiegiturak zelan antolatu erabakitzeko.
Horrez gainera, Agirrek konfirmatu duenez, maiatzaren erdialdean lehiatuko den emakumeen Itzuliko etapa bat Mallabian hasi eta amaituko da. Itzuliak hiru etapa izango ditu, Gipuzkoan, Araban eta Bizkaian bana eta Bizkaikoa Mallabiak hartuko du.
"Oso pozik gaude etapa bi horiek Mallabian izango direlako", azaldu du Agirre alkateak.