Trabakuako errepidea bihar zabalduko dute berriro, errei bakarrarekin

Anboto 2022ko urt. 10a, 13:44
Bigarren lur-jausiko irudia. (www.bizkaia.eus)

Foru Aldundiak errei bat zabalduko du, lehendik egondako bypassa luzatuta.

Bizkaiko Foru Aldundiak ohar batean jakinarazi duenez, bihartik aurrera ostera ere zabalik egongo da Trabakuko BI-633 errepidea. Domekan 400 metro kubiko lur jausi ziren bidera, euriteen eraginez. Gaur, lur horiek kentzeko lanetan ari dira Aldundiko beharginak.

Imanol Pradales Azpiegituren eta Lurralde Garapenaren foru diputatuak adierazi duenez, "errei bat ipiniko da martxan, lehendik egondako bypassa luzatuta". Horrez gainera, erretiratzen ari diren materiala batzeko gune bat atonduko dute, eta  hurrengo pausoa "etorkizunean gerta daitezkeen lur-jausiei eusteko horma bat eraikitzea" izango da. 

Trabakua aldean antzerako lur-jausi bat gertatu zen abenduan. Ordu hartan 2.000 metro kubiko lur jausi zen bidera. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!