"Mallabian, jendeak ezagutzen ez duen ondare baliotsu bat dagoela uste dugu eta horren balioa azpimarratzea izango da gure lehentasuna datorren urtean", azaldu du Igor Agirre alkateak. Ondare horren artean daude Oiz inguruko tumulua, San Juan inguruko ehorztokia eta Zengotita auzoko garbitegia, besteak beste. Gune horietan denetan, kartel informatiboak ipiniko dituzte.
Inbertsioetan, 50.000 euro gorde dituzte plazako kioskoaren inguruko proiektua egiteko. Agirrek azaldu du oraindino ez dutela erabaki bota ala eraberritu egingo duten. Proiektua gauzatzeko falta den dirua soberakinetik hartuko dute.
EH Bilduk aurrekontuen kontra bozkatu du, hainbat arrazoirengaitik. Beranoko eta Arandoñoko ur edangarriaren arazoari nahiz Goitako trafiko arazoari "aipamenik ez" egitea kritikatu dute. Horrez gainera, esan dute ez dakitela Mallabarrena azpiko parkearen inguruan proiektua idazten dabilen enpresa zein irizpidegaz dabilen proiektua gauzatzen. Kioskoari buruz, "aukera berriak sortuz egokitzea" da euren postura, "erabilera ematen zaion gunea da eta".