Musikari dagokionez, Nerea Lorón Díaz, artistikoki La Furia lez ezagutzen den rap abeslari nafarraren kontzertua nabarmendu daiteke. Urriaren 22an eskainiko du kontzertua, 20:00etan, parkean. Mezu aldarrikatzaile eta feministak nagusitzen dira 2013tik hona kaleratu dituen hiru diskoetan. Baga-biga diskoetxetik adierazi dutenez, 2022ko otsailerako aurreikusita dago bere ibilbideko laugarren lana. Nahikari Emakume elkarteak antolatu du kontzertua.
Gazta azoka
Biharamunean, urriaren 23an, gazta azoka egingo dute, 17:00etan hasita, Debabarrenako Gaztagileak taldeak antolatuta. Talde horren barruko hiru postu egongo dira gutxienez: Plaentziako ahuntz gazta ekoizle bat, Mutrikuko Idiazabal gazte ekoizle bat eta Mallabiko Axeleku behi gazta. Eurekin batera beste ekoizle bi ere gonbidatu dituzte, biak mallabitarrak: Onandi ardi gazta eta Mañeko gozogintza.
2016an Donostian egin zen World Cheese Awards ekimenak hauspotuta sortu zen Debabarrenako Gaztagileak proiektua, sektoreko hainbat ekoizleren artean gazta produktuak sustatzeko helburuz, (egitarau osoa Agenda atalean).