Iker Irribarria eta Iñaki Artola kanporatu eta gero, Aitor Elordik bere ibilbideko mailarik onenean aurre egingo dio Jokin Altunari

Anboto 2021ko urr. 9a, 10:30
www.julenuribe.com

Aitor Elordi sekulako lau t'erdiko txapelketa egiten dabil. Lehenengo, Iker Irribarria kanporatu zuen, eta bere ibilbidean aurrenekoz, lehenengo mailako txapelketa batean jokatzeko txartela eskuratu zuen. Joan zen astean, Mallabian eta zaleen animo artean, Iñaki Artolari irabazi eta ligaxka nagusirako sailkatu zen. Beraz, orain arte pilotari handi bi mendean hartu ditu; baina domeka arratsaldean Astelena pilotalekuan aurrez aurre izango duena gaur egun kaiolan dagoen izenik handiena da: Jokin Altuna.

Elordik lau t'erdiko ligaxkan jokatuko dituen hiru partiduetatik lehenengoa izango da eta badaki "oso lan gatxa" duela aurretik. "Bera da gaur egungo izen handienetariko bat, eta berari irabaztea kasualitate handia izan beharko litzateke. Nik egun borobila eduki beharko nuke, eta berak txarra. Baina, azken batean, partiduak jokatu egin behar dira eta Artolaren kontrako maila ematen badut, esango nuke badudala aukera gutxienez gerra emateko. Ezer galtzekorik barik irtengo dut frontoira, eta ea zelan doan", adierazi du iaz bigarren mailako lau t'erdiko txapelketa irabazi zuen mallabitarrak.

Altuna estu hartzeko, dena ondo egin beharra dago, saketik bertatik hasita. "Gaur egun dauden pilotekin sakean min handia egiten da eta sake ona egitea eta sake-buelta aprobetxatzea oso garrantzitsua izango da", dio Elordik.

Defentsako lana
Artolaren kontrako partiduan erasoan inspiratuta ez ezik, defentsa lanean bikain ibili zen eta pilota gatxak eraman zituen. Sendotasun hori ez da kasualitatea, entrenamenduen ondorioa baino. "Aspaldian, entrenamendu fisikoak lau t'erdira begira egin ditut; paliza dezente hartu dut eta esango nuke orain lan horren fruituak jasotzen nabilela. Artolaren kontra, hanka aldetik bizi aurkitu nuen neure burua korrika egiterako orduan", esan du Elordik. Entrenamendu fisikoak Gontzal Urionabarretxearen aginduetara egiten ditu, Gernikan. Alderdi teknikoa Jokin Etxanizegaz lantzen du.

Tanto kopurua
Kontuan hartu behar da ez dela kanporaketa bat, hiru partidutatik lehenengoa baino. Beraz, partiduetako emaitza garrantzitsua da puntu berdinketen kasuan. "Tanto kopuruak garrantzi handia izan dezake", onartu du. Altunagaz indarrak neurtu eta gero, hurrengo partidu biak Peio Etxeberriaren eta Oinatz Bengoetxearen kontra jokatuko ditu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!