Karmele Gisasolak Emakumezkoen Lehenengo Pentatloi Txapelketa irabazi du

Anboto 2021ko ira. 27a, 09:30
Karmele Gisasola erdian, alde banatara Lucia Orbe eta Garazi Arruti dituela. (Argazkiak: Uztarria-UKT)

Azpeitiko zezen plazan lehiatu zen txapelketa joan zen zapatuan.

Emakumezkoen I. Pentatloi Txapelketan hiru kirolarik parte hartu zuten: Karmele Gisasola Zelai III.ak, Lucia Orbek eta Garazi Arrutik. Guztira, bost lan gauzatu behar izan zituzten: harriari hamabost jasoaldi egin, giza proban plaza bat egin, aizkoran bi 36 ontzako enbor ebaki, txingekin lau plaza egin eta lasterka hamabost buelta eman zezen plazari (kilometro eta erdi). Zelai III.a aurretik ibili zen proba guztietan, baina oso gertu izan zuen Orbe, eta amaieran apur bat gehiago estutu behar izan zuen mallabiarrak korrika saioa. Azkenean, 18 minutu eta 57 segundotan amaitu zituen probak. Bigarren Lucia Orbe izan zen; 20 minutu eta 48 segundotan amaitu zuen hark proba, eta azkenik, Garazi Arrutik 25 minutu eta 31 segundo behar izan zituen lanak bukatzeko.

Ondoren, gizonetan, IV. Euskal Pentatloi saria lehiatu zuten eta Andoni Iruretagoiena Izeta VI.ak irabazi zuen.

(Txapelketako kronika osoa www.uztarria.eus webgunean)

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!