Umeentzako Mr Frack ikuskizunagaz abiatuko dute egitaraua. Ikuskizunak zirkua eta umorea uztartzen ditu eta aterpean egongo da ikusgai, abuztuaren 14an. Iluntzean, profesionalen pilota partiduak jokatuko dira frontoian. Aitor Elordi eta Oier Etxebarria Iker Larrazabalen eta Endika Uriondoren kontra arituko dira. Bestalde, Mikel Urrutikoetxeak eta Julen Martijak Joseba Ezkurdiaren eta Ander Imazen aurka neurtuko dituzte indarrak. Pilota partiduetako sarrerak abuztuaren 2tik 13ra egongo dira salgai, udaletxean. Mallabiko langabe, ikasle (18 urtetik beherakoak), jubilatu eta pentsiodunentzat 12 eurokoa da sarrera. Gainerako mallabitarrek 18 euro ordainduko dituzte. Partiduen egunean, 20:30ean zabalduko dute leihatila, eta sarrerek prezio bakarra izango dute 25 euro. Abuztuaren 15ean, Andra Mari egunean, meza egongo da, Jasokunde parrokian. Mezaren ondoren, dantzarien saioa izango da.
Harri-jasotzaileak
Egitarauko ekitaldi nagusietariko bat Mallabiko Gizonezkoen XXXI. eta Emakumezkoen I. Harri-jasotze saria izango da. Gizonezkoetan 100 kiloko zilindro zaharra eta 100 kiloko bola erabiliko dituzte. Parte-hartzaileen artean, Jon Gisasola Zelai IV. mallabitarra arituko da. Bestalde, emakumezkoen sarian 62,5 kiloko zilindro zaharra eta 62,5 kiloko bola erabiliko dituzte. Parte-hartzaileen artean, Karmele Gisasola Zelai III.a izango da. Irabazleak 900 euroko saria eskuratuko du. Bigarrenak 750 eurokoa, hirugarrenak 600 eurokoa eta laugarrenak 500ekoa.