Durangaldeko Bertso Eskolak antolaturiko 'Durangaldea uztabarritzen' bertso zirkuitua Mallabira helduko da zapatuan. Bost bertsolari igoko dira Parkeko anfiteatrora: Iruri Altzerreka, Paulo Salterain, Unai Iturriaga, Ander Gerrikaetxebarria eta Onintza Enbeita. Eider Gallastegi arituko da gai-jartzaile lanetan. Ekimena 18:00etan hasiko da eta edukiera 60 lagunetara mugatuko dute. Mallabikoaren ondoren, beste saio bi geratuko dira zirkuitua amaitzeko: Abadiñon uztailaren 2an, eta Durangon uztailaren 10ean.
Bestalde, domekan Arantza eta Pantxo taldeak kontzertua eskainiko du pilotalekuan, 12:30ean. Arratsaldean, haurrentzako paintball saioak egingo dituzte toki berean.
Astean zehar, beste hainbat ekimen egongo da. Besteak beste, Aritz Ganboa Arruazuko artzainaren Bideak dokumentala eskainiko dute eguenean, Kontzejuzarrean. Emanaldi bi egongo dira: 17:30ean eta 19:30ean.