Nekazaritza eta artisautza azoka, Haatik dantza konpainiaren ikuskizuna eta Puro Relajoren kontzertua gozagai Mallabian

Joseba Derteano 2021ko eka. 3a, 09:22

Udalaren eta hainbat elkarteren artean osaturiko egitarauari eskerrak, ekimenez beteriko ekaina hasi dute Mallabian. Gaur esaterako menditour dokumentalak izango dira Kontzejuzarren. Domekan, berriz, nekazaritza eta artisautza azoka egingo dute pilotalekuan, herriko eta inguruko hamabi bat ekoizlegaz. 10:00etatik eguerdira arte egongo da zabalik, eta edukiera zainduko dute. Postu batean, konfinamendu sasoian eginiko eskulanak erakutsiko dituzte herritarrek.

Azoka ez da izango eguneko osagai bakarra. 12:30ean, Haatik dantza konpainiak Errimak bi oinetan ikuskizuna eskainiko du. Bertso ariketa eta jokoak dantzara eramatea da emanaldi honen berezitasuna. Sustrai Colina, Xalbador, Uxue Alberdi eta bertsolari gehiagoren doinupean egingo dute dantza bost dantzarik. Eguna Puro Relajo taldearen kontzertuagaz amaituko dute. Musika talde nafarrak doinu mexikarrak eroango ditu Mallabira. Zuzenekoa parkeko anfiteatroan izango da, 18:30ean Eguraldi txarra egiten badu, frontoian izango da. Edukiera 150 lagunera mugatuko dute eta 18:00etan zabalduko dituzte ateak.

Zapatuko egitaraua
Zapatu honetan ere badago zegaz gozatu. Irteera ornitologiko bat antolatu dute, Mallabiko faunaren aberastasuna deskubritzeko. Arlo horretan adituak diren Juankar Andresek eta Fernando Garitagoitiak gidatuko dute ibilaldia. 09:30ean ipini dute ordua, Mallabiko plazan. Besteak beste, San Pedro, Mardua, Urizar eta Arandoñotik ibiliko dira. Parte hartzaileei prismatikoak eramatea gomendatzen diete. Ez dutenei irteeran emango dizkiete.

Zapatuan beste ekimen bat ere egongo da. Zuhaitz Gurrutxaga telebista aurkezle eta futbolari ohiak bere futbol ibilbideko bizipenetatik abiatutako Futbolistok izeneko umore bakarrizketa eskainiko du, 18:00etan, Mallabiko elizan. 100 pertsonara mugatuko da ekimena.

Ipuin kontalaria
Hurrengo asteburua heldu aurretik, astean zehar ere ekimen gehiago dago. Datorren asteko eguenean, 19:00etan, helduentzako Otsandreak korrika ipuin kontaketa saioa eskainiko dute Kontzejuzarrean. Clarissa Pinkola Estés-en Mujeres que corren con los lobos liburutik harturiko zenbait ipuin eta istorioren irakurketa izango da. Kontaketa honetan, kultura arteko mito aberatsak, ipuinak eta istorioak agertzen dira, emakumeek euren indarra eta osasuna berreskuratu ditzaten.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!