Deneriko produktuak saltzen dituen Idoia herriko denda zabaldu dute Mallabian, mota horretako komertzio bakarra herrian

Joseba Derteano 2021ko api. 20a, 08:48

Apirilaren 6tik denda berri bat martxan da Mallabian: Idoia herriko denda. Askotariko produktuak saltzen dituen denda bakarra da Mallabian, eta orain arte zegoen hutsune bat bete gura du.

Denda osasun zentroaren ondoan dago. Lokala udalarena da. Iaz lehiaketa bat abiatu zuen tankera horretako denda bat zabaldu gura zutenei bideratuta, eta Idoia Allende Urizarrek (Ermua, 1968) lortu zuen azpiegitura ustiatzeko esleipena.

Allendek hainbat ogibide izan du bere ibilbide profesionalean, eta, tartean, Mallabiko postaria izan da. Orduan ohartu zen Mallabian ez zegoela askotariko produktuen dendarik, eta bat zabaltzea  ideia ona iruditu zitzaion. Gainera, lotura berezia du herriagaz, ama mallabitarra du eta.

Joan zen asteko martitzenean  zabaldu zituen ateak denda berriak. "Lehenengo eguna itzela izan zen, jende asko etorri zen denda ikustera. Harrezkero izaten ari den erantzunagaz ere pozik nago", dio Allendek.

Dendaria izatearen gatxena inbentarioa egitea eta dena egunera eramatea dela dio. Gehien gustatzen zaiona, ostera, bezeroekin duen tratua da. "Beti gustatu izan zait jendaurrean lan egitea", dio.

Bertako produktuak
Produktuak sailka banatuta daude, apaletan: fruta eta barazkiak, edariak, higienerako produktuak, elikagaiak… Eguneko ogia eta egunkaria ere saltzen ditu eta askotariko enbutidoak tokian bertan prestatzen ditu.

Produktu guztiak, orokorrean, ingurukoak dira eta batzuk herrikoak bertakoak. Esaterako, herriko ekoizle baten sasoiko barazkiak saltzen ditu. Egunotan, porruak eta azelgak ditu. 'Estakua' jogurta eta Idiazabal jatorri izena duen Onandi gazta ere Mallabiko ekoizleen produktuak dira. 

Gozokien gune bat ere badu eta umeen artean arrakasta izaten ari da. "Arratsaldetan denda zabaltzera etorri naizenetan umeen ilarak aurkitu ditut, denda noiz zabalduko zain", gogoratu du Allendek.

Oraingoz, egunero zabaltzen du denda. "Hasiberria naiz eta denda ezagutzera eman gura dut", adierazi du. Astelehenetik barikura goizetan zein arratsaldetan egoten da zabalik, eta asteburuetan eguerdira arte (13:30). Dirutan ez ezik, dendan egindako erosketak txartelagaz edo bizum bidez ere ordaindu daitezke. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!