[KRONIKA] Gora txirrindularitza, eta gora Roglic!

Andoni Urbistondo (Aiurri) 2021ko api. 10a, 19:21
Txirrindulariak Mallabiko herrigunean, Areitiora bidean.

Euskal Herriko Itzuliko azken etapa Trabakutik eta Mallabia herrigunetik igaro da gaur. Azkenean Primoz Roglic esloveniarrak irabazi du Itzulia. 

Hona gaurko etapak eman duenari buruz Andoni Urbistondok Aiurri hedabidean argitaratu duen kronika:

"Itzulia munduaren begiradapean kokatu da, astebeteko itzuliak irabazteko txirrindulari indartsuenaren, Primoz Roglicen, eta etorkizunean foko guztak erakarriko dituen Tadej Pogacarren arteko lehia gori-gorian azaleratu delako. Ondarru eta Arrate arteko etapa, azkena, luze gogoratuko den horietakoa izango da, ikaragarri polita eta lehiatua izan delako. Roglic vs Pogacar dueloa gordin-gordin erakutsi diguna. Baina baita txirrindularitza ederra dela erakusteko beste behin, gauzak inork espero ez diren lekuan gerta daitezkeelako, eta akatsak garesti ordaintzen direlako. Akatsak, eta akats horiei etekina ateratzeko gaitasuna. Roglicek egindakoa Itzuliaren historiarako geratuko baita beti, azken urteetako kirol balentria handiena ezbairik gabe. Erakustaldia eman du Jumbo taldekoak, eta txapeldun handien legez, helmugan zale askoren bihotza konkistatu, David Gaudu bretoiaren etapa garaipena ez lehiatuz, eta Itzuliko garaipen handia besoak zabal-zabal ospatuz.

Asko espero zen azken etaparekin, eta hala izan da. Erritmo itoa hasi eta berehala, eta Jumbo Visma taldekoak oso aktibo hasieratik, batez ere Tolhoek. Azurkin gora egurra ikaragarria izan da, erasoari eraso: Carthy, Fraile, Aranburu, Padun... Nor ez da saiatu? Hamar bat lagunek utzi dute tropela, baina Gorlan gora erritmoa ez da lasaitu eta tropelak begi bistan izan ditu iheskideak gainean. Beherantza, triskantza. Astanako Alex Aranburu bizi arriskuan jaitsi da, eta tropela mila puskatan hautsi da. Aurrean geratu dira Astanako Ion Izagirre, Fraile eta Aranburu, baina han ziren Landa, Valverde, eta batez ere Roglic. Eta ez dira sartu UAEko bi liderrak: McNulty eta Pogacar. Nonbait despistatu egin dira, Roglicen gurpila galdu, eta akabo. Bergaratik Soraluzera bidean hortxe izan dira bi taldeak, mokoka, 8-10 segundo baino ez. UAEk aurrean zihoan Hirschi atzeratu du, lanerako, baina aurrean dinamita asko zegoen. Tolhoek Roglicen taldekidea zegoen, Fraile, Movistar-eko Mas... Lanerako morroi asko, eta zuloa handitu eta handitu egin dute. Krabelinaitz hasi aurretik 40 segundokoa zen zuloa, eta han Roglicek erantzukizuna hartu du, erritmo itoa jarrita buruan.

Gauduk eta Carhyk bakarrik eutsi diote, eta liderraren taldean ere pott egin du McNulty liderrrak lehen malda gogorretan. Pogacarrek kirol zuzendariari galdetu dio, zer egin behar zuen: Roglicen bila joaten saiatu, edo liderrarekin geratu. Roglicen bila joan da, eta bien arteko borroka itzela izan da. Ikusi da maldan gora oso oso pareko maila dutela. Minutu erdira hurbildu da Pogacar Arrateko lehen pasaeran, baina hortik aurrera erakustaldia eman du Roglcek. Bera bakarrik tiratzen, minututik gora eraman du aldea, Pogacarren taldean akordio handirik ez zegoela baliatuz. Gauduk eta Carthyk hauspo pixka bat eman diote tarteka, eta Itzulia handikiro irabazi du Jumbokoak. Usartza hasierara 40 segundorekin iritsita, Gaudurekin batera egin du igoera, eta etapa irabazteko keinua eduki du Bretainiakoarekin. Vingegaard igo da podiumeko bigarren koskara, eta Pogacar hirugarrenera. Pello Bilbao izan da euskaldun onena, seigarren 1.28ra."

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!