Antenak zein baldintzan eta non ipini zehazten duen ordenantza onartu du Mallabiko Udalak

Joseba Derteano 2021ko mar. 10a, 08:36

Mallabian telekomunikazio-sareari lotutako antena bat ipini gura duen enpresak arlo horretako ordenantza berri bati jarraitu beharko dio aurrerantzean. Udalbatzarra osatzen duten EAJk eta EH Bilduk aho batez onartu dute ordenantza berria. Alegazioek prozesua atzeratzen ez badute, martxoaren amaieran sartuko da indarrean.

Helburua ez da telekomunikazio azpiegitura berriei atea ixtea, garapen horren eta herritarren segurtasunaren arteko oreka bilatzea baino. "Funtsean, helburua da, udal-eskumenen esparruan, ahalik eta gehien babestea osasuna, ingurumena eta hirigintza-interesak, arrazoizko neurriak aplikatuz eta telekomunikazioaren garapenari eta zerbitzuari inolako oztoporik ipini barik", jasotzen du 33 orri dituen dokumentuak.

Helburu horregaz, Mallabian antena bat ipintzeko bete behar diren baldintzak jasotzen ditu ordenantzak. Hain zuen ere, 0tik 300 gigahertzera arteko maiztasun-tartea darabilten telefonia mugikorreko antenei eragiten die; baita emisiorako, irrati-difusiorako eta telebistakoei, eta irratizaleen antena katalogatuei ere, besteak beste.

Ordenantzari jarraituz, ezarpen plan bat landuko dute. Plan horren helburua da "paisaiari eta ingurumenari egindako inpaktua eta lurraldeko estaldurarik egokiena bateratzea, sarearen antolaketa geografikoa zehaztuz, antenak modu egokian kokatuz eta katalogatutako eraikin multzoak, bide publikoa eta hiri-paisaia babestuz", dokumentuak jasotzen duenez. Plan horretan, une honetan dauden instalazioak zein operadoreek etorkizunean ezartzeko asmoa dutenak jasoko dira. Azken horien kasuan, operadoreek memoria bat, gutxi gorabeherako egutegi bat eta planoak aurkeztu beharko dituzte.

Sorburua herri ekimenean
Orain guztiz gorpuztu den ordenantza honen hazia herri mugimenduan dago. 2019an, Orange konpainiak San Pedro ermitaren inguruan telefonia antena bat ipintzeko asmoa zuela jakitean, hainbat herritar, kezkatuta, mugitzen hasi zen. Orduan, besteak beste, arlo horretako marko arautu baten premia azpimarratu zuten. Ordenantza lantzerako orduan herri mugimenduko kideak parte aktiboa izan dira eta oraindik ere lanean jarraitzen dute, proposamenak, jarraipena eta batzarrak egiten, besteak beste.

Igor Aguirre alkatearen esanetan, "herriak horrelako ordenantza bat eskatu zuen eta guk bidea eman diogu horri". EH Bilduko Aitor Loiolaren ustez, ordenantza "oso positiboa da eta, gainera, behar zen zerbait da". Hasieratik, San Pedron antena ipiniko zela jakin zutenetik, gai honen inguruan beharrean aritu direla azaldu du. Ordenantza herritarrei azaltzeko, herri batzar batera deitzeko asmoa dute Aguirreren esanetan.

Ordenantza onartu arteko prozesua honako hau izan da: lehenengo, Europako Batasunean onartutako ebazpen bat bere egin zuen udalbatzarrak. Ebazpen horrek jasotzen duenez, oso maiztasun baxuko uhin elektromagnetiko jakin batzuk "kaltegarriak" izan daitezke, bai animalientzat bai giza gorputzerako, eta eremu elektromagnetikoak murrizteko "arrazoizko neurri guztiak" hartzea gomendatzen du. Behin postura hori hartuta, iazko uztailean Mallabiko uhinak neurtu zituzten eta, gero, neurketa horiek kontuan hartuta, aditu batek gomendio batzuk eman zituen. Oinarri horien gainean eraiki dute ordenantza.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!