Otsailaren 8tik 12rako astean, Eibar klubak Mallabiko Kirol Hiriaren proiektua aurkeztuko die herritarrei

Joseba Derteano 2021ko urt. 25a, 09:45

Eibar klubak Areition egingo duen Kirol Hiriaren egitasmoa aurrera doa apurka. Legeak ezartzen duen pausoetariko bat herritarren artean gauzatu beharreko prozesu parte hartzailea da, eta otsailean egiteko asmoa dute; otsailaren 8tik 12ra arteko egunetan, hain zuzen ere.

Oraindino zehaztu barik dago batzar bakarra edo gehiago egingo dituzten. Izan ere, Kontzejuzarrean egingo dituzte batzarrak, baina COVID-19ak eragindako osasun krisiaren ondorioz, 25-30 lagunera mugatu dute aforoa. Beraz, zenbat batzar antolatu jakiteko, interesdunei aurretik izena emateko eskatu diete udaletik. Urtarrilaren 26a da horretarako azken eguna eta modu bitara egin daiteke: udala@mallabia.eus helbide elektronikora idatzita edo 943 17 14 61 telefono zenbakira deituta. Interesaren araberakoa izango da batzar kopurua, eta pertsona bakoitzari adieraziko diote zein batzarretara joan daitekeen.

Batzarrean Eibar klubeko ordezkariak egongo dira Kirol Hiriaren gaineko xehetasunak ematen. Herritarrek aukera izango dute dudak argitzeko eta ekarpenak egiteko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!