Eibar klubak batzar informatiboa antolatuko du Mallabian, Areitioko Kirol Hiriko proiektua azaltzeko

Joseba Derteano 2020ko abe. 21a, 11:00

Eibar futbol klubak bazkideen batzar orokorra egin zuen abenduan, eta bertan Amaia Gorostiza presidenteak Areition eraikiko duten Kirol Hiri berriaren gaineko xehetasun batzuk eman zituen. Besteak beste, iragarri zuen Mallabian prozesu parte hartzaile bat bideratuko dutela eta batzarretara deituko dituztela herritarrak. "Prozesu horretan gure planteamenduaren berri jasoko dute lehenengo eskutik eta herritarrek euren ideiak plazaratu ahal izango dituzte", azaldu zuen.

Batzar berean Gorostizak azaldu zuen "laster" abiatuko dutela lizitazioa Areitioko Kirol Hiria nork eraikiko duen jakiteko. Baina udal iturriek azaldu dutenez, oraindino nahitaezko tramite bat falta da prozesu hori abiatzeko. Plan Orokorrean aldaketa puntual bat egin beharra dago proiektuak aurrera egin dezan, eta horrek Bizkaiko Aldundiaren oniritzia behar du. Aldundiak hainbat ikuspuntutatik aztertzen du Kirol Hiriaren proiektua (ingurumenaren arlotik, obren arlotik…). Prozesu hori gainditzea eta Aldundiaren baietza jasotzea falta da oraindino.

Bost futbol-zelai handi
Azpiegitura berriak bost futbol-zelai handi izango ditu, futbol 11ra bideratutakoak. Atezainekin lan egiteko zelai txiki bat eta futbol 5era bideratutako zelai estali bat ere egingo dituzte. Kirol Hiriaren inguruetan aldaketak izango dira; esaterako, Areitiotik igarotzen den errepideko bidegurutzean biribilgune berri bat egingo dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!