Ioritz Gisasola: "Badakit hobetzeko tartea badudala eta horretarako lanean jarraituko dut"

Anboto 2020ko abe. 15a, 10:00

Hainbat aizkolarik ibilbide propioa hasi dute federaziotik kanpora. Ibilbide berri horretako lehenengo ekimen nagusia Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusia izan da. Aizkolariek eurek antolatutako txapelketa Bilbao Arenan lehiatu zuten joan zen domekan.

Hantxe izan zen Ioritz Gisasola mallabiarra eta Promozio Txapelketan parte hartu zuen. Zortzi parte hartzaileen artean berea izan zen lanik apalena, baina horrek ez du atsekabetu. "Ondo entrenatuta joan nintzen, baina besteak ni baino hobeak izan ziren, ez dago besterik. Edozelan ere ez da kolpe handia izan niretzako, badakit hobetzeko marjina badudala eta horretarako lanean jarraituko dut".

Normalean txapelketak jardunaldi bi izaten ditu, finalerdia eta finala, eta egin beharreko lana txikiagoa da finalerdietan. Baina txapelketa honetan zuzenean finala antolatu dute eta Gisasola, ohitzeko aukera barik, lan handien aurrean (bi kanaerdiko, 60 ontzako bi enbor eta oinbiko beste bi) aurkitu da kolpean. "Finalako lana segituan etorri denez apur bat handi geratu zait", onartu du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!