Mallabiko Udalak lokal baten esleipena abiatu du, negozio bat zabaldu gura duten ekintzaileei bideratuta

Joseba Derteano 2020ko aza. 4a, 10:55

Mallabiko Udalak lehiaketa abiatu du Ekipamendurako Eraikina deiturikoan dagoen lokal bat alokatzeko. Helburua da udalerrian zerbitzu enpresa bat lehenengoz martxan ipintzeko proiektua duten pertsonei laguntzea eta horretarako azpiegitura bat eskaintzea.

Baldintza orrian zehazten dira zer zerbitzu mota eskaini daitezkeen bertan. Nagusiki, udalerriak ez dituen zerbitzuetara eta herriari onura eskainiko dioten negoziora bideratu gura dute: elikagaien salmentara eta, orokorrean, etxeko gaien salmentara bideratutako merkataritza; papertegi negozioak (prentsa salmenta, liburuak, kopia-denda, eskolako material-denda...), eta osasun zientziak (fisioterapia, podologia, elikadura…).

Ekintzaileei bideratutako lokala osasun zentroaren ondoan dago eta 34 metro karratu inguru ditu. Lokalak elektrizitate hartunea eta ur hornidura ditu, eta baita komun irisgarri bat ere, 50 litroko edukiera duen termokoa.

Azaroaren 25era arte
Dagoeneko hasita dago proposamenak aurkezteko epea, eta azaroaren 25era arte iraungo du. Lokala alokairuan hartu ahal izateko baldintzak jasotzen dituen dokumentua Bizkaiko Aldizkari Ofizialean edo udaleko webgunean eskuratu daiteke. Lokala errentan hartzeko ematen den eskubideak bost urteko epea izango du kontratua esleitzen denetik zenbatzen hasita. Esleipendunak eskatuz gero, Mallabiko Udalak luzatu egin dezake ondasuna ustiatu ahal izateko kontratua.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!