Zelan hasi zara aztarnari?
Maiatzaren 25ean amaitu nuen espezialitatea eta lan poltsa zabaldu zuten. Lan hau egiteko, 36 pertsona kontratatu gintuzten. Asko beste erkidego batzuetatik etorritakoak ziren, orain arte EAEn Familia eta Komunitate Arretako espezialitatea ez delako errekonozituta egon.
Zenbat aztarnari zaudete lanean?
300 bat aztarnari gaude. Horietariko 36 bat kudeatzaile moduan gabiltza. Osasun publikoko departamenduekin, Epidemiologia Sailekoekin eta Osalanegaz gabiltza bitartekaritza eta koordinazio lanetan.
Nik positibo emango banu, zer galdetuko zenidake?
Sintomak hasi edo lagina hartu baino 48 ordu lehenagotik metro bi baino gutxiagora eta 15 minutu baino gehiago norekin egon zaren galdetuko nizuke. Labur esanda, zure kontaktu estuen zerrenda bat eskatuko nizuke.
Nahasmen handia izaten da kontaktuei deitzerakoan?
Kontzeptu bi bereizi behar dira, berrogeialdia eta isolamendua. Positibo ematen dutenak isolatuta egoten dira, eta kontaktuek berrogeialdia egiten dute. Guk azpimarratu gura duguna da PCRa egitea baino garrantzitsuagoa dela berrogeialdia ondo egitea. Lagina arin hartzeak ez du balio berrogeialdia ondo egiten ez bada. Intzidentziarik ez badago, kontaktuaren berrogeialdia 10 egunekoa izaten da. Hor bigarren PCRa egiten da.
Positiboari, ostera, ez zaio bigarren PCR hori egiten. Zergaitik?
Ikusi da hileak pasatu daitezkeela negatibizatzen. Adibidez, martxoan kasu positiboak izan ziren batzuek beste proba batzuk egiteko PCRa egin dute orain, eta positibo eman dute. Hori ez da baieztatutako kasutzat hartzen momentu honetan. Ez du negatibizatu, baina ez du kutsatzen eta ez du sintomarik.
Kasuak igo egin direla nabarituko zenuten.
Maiatzetik hona, bai. Batez ere uztail inguruan hasi zen igoera. Sasoi batean, egun biko atzerapenagaz genbiltzan deitzen. Orain hobeto gabiltza. Zifrak egonkortu egin dira. Behar izan denean, jendea kontratatu da, baina ez genuen espero hazkunde hau hain azkar gertatzea. Bestalde, lehen mailako arretan lankarga handia dute.
Hemendik aurrera, zer? Eskolak, opor amaiera...
Hurrengo egunetan ikusiko dugu gauzak zelan doazen. Dena dela, eskolak beste interbentzio eremu modura ulertu behar dira. Asintomatikoak direnak edo sintoma arinak dituztenak identifikatzen lagundu dezakete. Umeen kasuak egunero egon dira orain arte ere.
Ikasleen kasuan, zein irizpide hartzen dira kontuan?
Sei urtetik beherakoek maskara ipintzen ez dutenez eta distantziak mantentzea gatxa denez, kasu horietan gelako ume guztiak joango lirateke etxera. Baina maskara erabiltzen duten kasuetan kontaktu estuen irizpideak hartzen dira kontuan.
Herritarrok zelakoak gara telefonoaren beste aldean?
Orokorrean oso onak, baina bakoitzak bere arazoak ditu. Batzuek ez dute isolamendurik egin gura, ez dute informazioa ematen... Gazteengaitik esaten da, baina ez hain gazteek ere egiten dute hori. Negazionistak ere aurkitu ditugu. Kontaktu asko izanez gero, denbora behar da denekin kontaktuan ipintzeko. Hiru eguneko tartea izaten da proba egiten denetik emaitzagaz deitzen dugunera arte. Proben bolumena ere handia da eta horrek ere bere denbora behar du.
Aztarnatzaileen lana luzerako doala ematen du?
Gura genukeena baino gehiago. Jokoan dagoena osasun publikoa da eta kontziente izan behar dugu horretaz. Martxokoa oso gogorra izan zen. Zentzuz jokatzea dagokigu; kutsatzen dabiltzanen katea etetea da helburua, ospitaleetan gainkargarik gertatu ez dadin.