Gehienez minutu biko tantoak, Mallabian hartu duten erabakia frontenisa ikusgarriago egiteko

Anboto 2020ko ira. 22a, 09:06
Binakako txapelketako sari banaketako irudia.

Tanto luzeegiak ekiditeko arauak emaitza onak eman ditu eta beste txapelketa batzuetan kopiatu diete.

Joan zen asteburuan estatuko frontenislari onenetakoak batu zituen Mallabiko torneoak. Urterik urtera ospea irabazi duen txapelketa da, hein batean, ikusgarritasuna handitzeko egiten duten ahaleginatik. Adibide moduan honako araua: tantoek minutu biko iraupena izan dezakete gehienez. Tarte horretan amaitu ez bada, sakea errestatu duenarentzat da tantoa. 

Orain hiru urte ezarri zuten arau hori tantoak gehiegi luzatzen zirela ikusita. "Behin partidu bat hasi eta segituan bazkaltzera joan nintzen. Orduerdira itzuli nintzenean bana zihoazen. Hasieran ezohiko zerbait gertatu zela uste nuen, baina ez, tantoak oso luze zihoazen, beste barik. Zerbait egin beharra zegoela pentsatu nuen, ikusleak frontoitik botatzen ari ginelako", gogoratu du Juan Carlos Perez txapelketako antolatzaileetako batek. Orduan okurritu zitzaien ideia. 

Hasieran parte hartzaileak "harrituta" geratzen ziren neurriarekin, baina orain "ondo ikusten dute".  "Nik dakidala horrelako arau bat jartzen lehenengoak izan ginen. Gerora Soraluzeko txapelketan berdina egin dute", adierazi du.

Aurtengo irabazleak

Binakako torneoa Eloy Gonzalez burgostarrak eta Jesus Dominguez nafarrak irabazi dute aurten eta buruz burukoa David Rodriguez madrildarrarentzat izan da.

David Rodriguez buruz buruko irabazlea eta Asier Galarza azpitxapelduna.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!