Harri txikiagaz ibiliko dira lanean. Irabazleak 900 euro jasoko ditu; bigarrenak 750 euro, hirugarrenak 600 euro eta laugarrenak 500 euro. Gainera, orain indarrrean dagoen marka hobetzea lortzen duenak beste 200 euroko saria izango du.
Kirol eskaintzaren barruan pilota partidu profesionalak ere antolatu dituzte jaietako lehenengo egunerako, abuztuaren 14rako. Gainerako ekitaldi denetan moduan, gehienez, 208 pertsona egon ahal izango dira. Sarrerak abuztuaren 5etik 13ra salduko dituzte udaletxean. Aurretik erosiz gero, sarrera 18 euro da; 12 euro langabe, ikasle eta pentsionisten kasuan.
Jubilatuen pintxo jana, bertan behera
Jaietako egitaraua osatzerako orduan, ekimen guztien gaineko xehetasunak Eusko Jaurlaritzari jakinarazi dizkiete, osasun neurrien gaineko haien onespena lortzeko. Ekimen gehienak antolatzeko onespena lortu dute, baina gutxi batzuk bertan behera utzi behar izan dituzte. Honako hauek dira: Abuztuaren 14ko txaranga, abuztuaren 16ko haurren txokolada eta jubilatuentzako pintxo jana.