“Eskerrak promozio lana eginda geneukala; horrek salbatu du 'Limones en invierno'”

Aritz Maldonado 2020ko uzt. 3a, 11:30

2020a Izaroren urtea izan behar zen. 'Limones en invierno' lanak harrera aparta izan zuen (eta izaten ari da), eta Euskal Herriko areto nagusietariko batzuetatik (Donostiako Kursaala, Iruñeako Baluarte eta Bilboko Euskalduna) egitekoa zen birarako sarrera guztiak salduta zeuden. Koronabirusa agertu zen, eta ostean gertaturikoa jakina da. Aurrera begira, konfinamenduagaz ezertxo ere ez aurreikusten ikasi duela dio: "Ikuskiko dugu heltzen denean".

Zelan joan da konfinamendu sasoia?
Galdera horren erantzuna oso luzea da. Abentura bat izan da, eta izaten ari da. Fase asko bizi izan ditut, baina onartu behar dut, alde profesionala kenduta, oso zoriontsu izan naizela konfinatuta, aspaldi lortu bako oreka osasuntsu batean, burua eta gorputza, neure burua lehenesten eta anonimo. Alde profesionalean, hondamena. Dena zalantzan ipini dut egun askotan, eta depre puntu hori izan dut, horri lotuta. Baina alde onak indar gehiago du balantzan. Deseskalatzea askoz ere gogorragoa egiten ari zait.

Zelan eragin dio itxialdiak diskoaren zabalkundeari?
Bat-batean gelditu du. Dena atzeratu, bertan behera utzi, dena delakoa. Eskerrak promozioa eginda geneukala; horrek salbatu du. Orain birari zelan eutsi asmatzea da kontua. Ezjakintasuna da txarrena. Guk lanean jarraitzen dugu, burubelarri, lan horren emaitza fisiko eta ekonomikorik ikusiko dugun jakin barik. Baina ez da esperantza galdu behar. Noizbait zabalduko ditugu berriro antzokiak, urrian espero dut, eta orduan negar egingo dugu, pozaren pozez.

Ekonomikoki zein psikologikoki kolpe gogorra izango zen.
Bai, oso gogorra. Osasun mentalaren funanbulista, horixe da niretzat izenburua. Baina irten dugu kalera, denbora eta bizitza aurrera doaz beti, gugaz edo gu barik. Gauzak beste modu batera hartzen ere ikasi dut, benetan lasaiago bizi gaitezkeela deskubritu dut eta erritmo ez hain frenetikoan bizitzea lortu gura nuke. Errealitatea da kontzertuak behar ditugula ekonomikoki aurrera jarraitzeko.

Sasoi ona izan da konposatzeko ala gurago izan duzu deskonektatu?
Gurago izan dut deskonektatu. Jende askok irudikatu du konfinamendua "sortzaileontzat" produktiboa izateko espazio perfektu modura, baina ez dut uste horrela denik. Ez delako produktibitate kontua, izate eta sentitze kontua baino. Hori baino konplexuagoa da artearekiko komunikazioa. Eta oso anitza da. Egoera eta pertsona bakoitzak bere hartu-emana du arteagaz.

Diskora itzulita, 'limoien unibertsoa' aipatu izan duzu elkarrizketetan. Zer da?
Nire mundu fantastiko bat. Nire subkontzientearen gotorlekuetariko bat. Urte luze bi eman ditugu unibertso hau diseinatzen. Bost espazio ditu: etxea, oroitzapenak, pasioa, heriotza eta iraultza. Kantuak unibertso horretan bizi dira, bakoitza bere espazioan.

Diskorako konposatzerakoan, igarri duzu presiorik?
Egia esan, ez. Bigarren diskoan presio handia sentitu nuen, baina hirugarren honegaz gogoa besterik ez dut sentitu. Asko gozatu dut prozesuaz. Oso luzea eta intentsoa izan da, baina gogotik gozatu dut.

Gustura aritzen zara genero bakarrari lotu barik?
Remi Wolfek dioen moduan, genero musikalen kontua apur bat zaharkituta geratzen hasi da, dena delako zopa bat da. Nire sormenaren erdigunea abestia da, eta hortik aurrera datorrena abesti horren apaingarria baino ez da, jolasteko leku asko uzten duena.

Produkzio aldetik ere nabaria da lana?
Egia esan, lan handia egin dugu eta oso pozik gaude. Limoiak iraungi egingo zaizkit martxa honetan [barreak], baina oso harro gaude egin dugunaz; bideaz zein emaitzaz. Ordu asko eman ditut nire musikariekin kantak atontzen, eta ez zaizkigu trabatu. Oso erraza izan da. You abestia Julen Idigorasek ekoitzi du. Soinu aldetik ezberdinena da eta biziki maite dut zelan geratu zaigun. Eason diskoaren moduan, Eñaut Gaztañagaren estudioan grabatu dugu eta sentitzen dut oso ondo ulertzen duela gure soinua.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!