Karmele Gisasola protagonista duela, Mendi Tour bihar itzuliko da plazetara, Mallabian

Anboto 2020ko eka. 4a, 14:58

Bihar, ekainak 5, Mallabiko Kontzejuzarran egingo dena saio berezia izango da. 18:30ean hasi eta 20:30ak aldera amaituko da. Edukiera murriztu, eta 25 ikuslerentzat egokituko da aretoa. Sarrera doan da, eta ateak 18:15ean zabalduko dira.

Martxotik hona, 22 Mendi Tour hitzordu geratu dira aurrikusitako datetan egin gabe, Covid-19 pandemiari erantzuteko neurriak indarrean jarriz.  Bada, bihar, ekainak 5, ostirala, agenda berrartuko dute Mallabian, bertako Mendi Tourraren 2. edizioarekin.  Mendi Film Bilbao zinemaldiko film onenetakoak izango dira ikusgai.

Ikusleen artean, Karmele Gisasola gonbidatu berezia izango da. Euskal Herriko harrijasotze Txapelduna 'Harria Herria' film laburreko protagonista da, eta mallabitarra denez, jaialdian parte hartuko du.

Jabier Baraiazarra Mendi Film eta Mendi Tourreko zuzendaria arituko da aurkezle lanetan, hark emango ditu saioko hiru pelikulei buruzko argibideak. Hauek dira ikusgai egongo diren ikusentzunekoak:

CHOLITAS

Aurtengo Mendi Tourreko pelikula izarretako bat da. Iragan abenduan Bilbon, BBK Mendi Film zinemaldiaren 12. edizioan, estreinatu zen mundu mailan, eta harrez gero publikoaren harrera bikaina jaso du. Boliviako emakume indigenak dira protagonista, eta erronka itzela dute helburu: Aconcagua, Ameriketako mendirik garaienera, iristea. Genero eta giza aldarrikapena jartzen ditu lehen lerroan Iruñeako Arena Comunicacion ekoiztetxearen lan bikainak.

HARRIA HERRI

Hau ere euskal ekoizpena da, erritmo biziko film laburra. Gautegiz-Arteagako Andrabide harrobiko hormetan zintzilikatuta dantza bertikala egiten duten emakumeak dira ardatza, Miren Narbaiza kantari dela Oreka Tx-ren erritmora, Karmele Gisasola harrijasotzaileak Herria eta Hizkuntza sinbolizatzen dituen harria berdintzen duen bitartean.

LA VOZ DE IÑAKI

2009ko pelikula da, hau ere Arena Comunicacion-ek egina. Iñaki Ochoa de Olza alpinistaren ahots bidezko testamentua,  hura Annapurnan zendu eta urtebetera argitaratutakoa. Dokumentu aberats eta poetikoa, Iñaki bera bezala.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!