Mallabiko Ariño eta Ariño Etxebarri baserriak argindar linea biren erdian harrapatuta geratuko dira

Joseba Derteano 2020ko mar. 5a, 14:58

Gueñes-Itsaso goi-tentsioko argindar lineak Mallabia zeharkatuko duen tartean, dorre bakarra falta da jasotzeko, Ariño eta Ariño Etxebarri baserrien ondoko sakongunean eraiki behar dena, hain zuzen ere. Lanak amaitzen direnean, linea biren erdian harrapatuta geratuko dira baserri biak, eraikitzen dabiltzan 400 kilowatt-eko berriaren eta lehenagotik dagoen potentzia txikiagoko beste baten artean. Baserri bietako bizilagunak egoeragaz kezkatu daude.

Eraikitzeko falta den goi-tentsioko dorrea ­—oinarria prestatuta dago— eta Ariño baserriaren atzealdean eraikita dagoen beste bat kableekin lotzen dituztenean, kable horiek baserritik 100 metro baino gutxiagora egongo dira, eta baserri horretako bizilagunak eta ondoan dagoen Ariño Etxebarri baserrikoak kezkatuta daude. "Buletin ofizialean irten zenean, proiektuan jartzen zuen ez zegoela etxebizitzarik argindar lineatik 100 metrora baino gutxiagora, baina guk orduan esan genuen hori gezurra zela. Red Eléctrica de Españako langile bat etorri, eta bere neurketek 100 metrotik behera markatzen zuten. Ondoren, beste neurketa batek 85 bat metro markatzen zuen", dio Ariño baserriko Rikardo Urienek. Alegazioak ipini arren, inork ez diela erantzun salatu du. "Kableak lurperatzea proposatu genuen. Obra egiten bazen, gutxienez lur azpitik joan zitezela, baina ez dugu erantzunik jaso", azaldu du. Ariño Etxebarri baserriko Jose Ramon Olano ere kexatu da. "Proiektuaren arduradunak ipiniko nituzke dorrearen ondoan bizitzen", dio.

Orain pare bat hilabete udal ordezkariak bertaratu eta argindar uhinek inguruan duten eragina neurtu zuten. Linea berria eraikitzen denean beste neurketa batzuk egingo dituzte. Helburua neurketa biak konparatzea da eta datu horiekin ingurugiro inpaktuko txostenean jasotzen diren kopuruekin alderatzea.

Baserritar bien esanetan, bizkor dabiltza linea berriko lanak egiten. Euren baserrietatik gertu dagoen Arietsu zonaldean, "dorre handi bi 15 bat egunean" eraiki dituztela adierazi dute. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!