Zaldibarkoa argitzeko eskatzeaz gainera, herrian gertatu daitekeenak ere kezkatzen ditu mallabitarrak. Izan ere, Betearte hondakindegiak amiantoa hartzeko gaitasuna duela adierazi du gaur Jaurlaritzako Ingurumen sailburuordeak.
"Amiantoa dagoela badakigu eta susmoa dago beste gauza batzuk ere badaudena. Bilaketa taldekoak babes bereziekin badabiltza, ez zaigu iruditzen hondakin ez arriskutsuak direnik behintzat. Ez dut uste jasangarria denik hangoa gure herrira ekartzea",dio protestan parte hartu duen Aimar Sanz Azagirrek.
Leire Martinezek ere antzerako iritzia du. "Kezkatuta gaude", dio. "Denok uste genuen Zaldibarkoa hondakin ez arriskutsuen zabortegia zela eta begira zer azaleratu den".
Airearen kalitateak ere arduratzen ditu. Azagirre Areition bizi da eta bere ustez "gaur goizeko usainak ez dira ohikoak".