Trabakuko pasabidea ekainean zabaltzea aurreikusten du Mallabiko Udalak

Joseba Derteano 2020ko urt. 22a, 12:19

Trabakuan BI-633 errepidea zeharkatu ahal izateko, bide gainetik joango den pasabide bat egiteko lanak hasi zituzten abenduan. Dena aurreikusitako moduan badoa, errepideko alde biak lotuko dituen azpiegitura berria ekainean zehar egongo dela erabilgarri azaldu du Igor Agirre alkateak.

Udalak Egoin enpresari esleitu zizkion lanak, 545.000 eurotan. Lehenengo, pasabidea kokatuko den zorua egokituko dute. Hori prest dagoenean, gau batez errepidea itxi, eta egitura bakarreko pasabidea dagokion tokian ipiniko dute.

Osorik egurrez egindakoa izango dela da pasabidearen ezaugarrietako bat, eta egitura irekia izango da, puntu beltzik sortu ez dadin.

Goita, Gerea eta Longako auzotarrek horrela erabaki zutelako egingo dute gaineko pasabide berria. 2018ko uztailean auzo batzarrera deitu zituzten hiru auzoetako herritarrak, eta hantxe  hartu zuten erabakia. Orduan, udalak aukera bi ipini zituen mahai gainean: gaineko pasabidea ala lur azpiko tunela. Bataren eta bestearen gaineko xehetasunak jaso ondoren, batzarrean batutako auzotarren gehiengoak gaineko pasabidearen aldeko hautua egin zuen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!