"Bezeroei eskerrak ematea baino ez daukat, beti saiatu gara eskatutakoa ematen"

Aitziber Basauri 2019ko abe. 21a, 12:18

Lana pilatu zaie egunotan Mallabiko Trabaku Goikoa tabernan. Domekan, abenduaren 22an, itxiko dute jatetxea. Etapa berri bat hasteko ordua iritsi zaio Rosario Zelaieta Gallastegiri (Mallabia, 1954).  Emozionatuta aitortu du pena handia duela, baina pozik dago bizitzako beste etapa bat hasiko duelako. Jatetxea itxiko duten arren, landetxeak martxan jarraitu du.

Ibilbide luze baten amaiera heldu zaio Trabaku Goikori...
Familiako lau belaunaldik eraman dute Trabaku Goikoa. Mallabiko herrigunean bizi ziren birraitona-amonak erosi zuten baserria, eta bertora etorri ziren bizitzera. Ostatu ematen zuten birraitona-amonak orduan ere, eta jaten ere bai. Maistren gela esaten genion, eskolak ematera kanpotik etortzen ziren-eta, garai batean. Esan digutenez, etxekoa ez zen ganaduarentzako korta ere bazuten: baserrietatik txahalagaz etortzen ziren gauez, lo egin bertan, eta goizean goiz hiltegira joaten ziren. 1946an,  erre egin zen baserriaren zati bat. Baina, aitak eta osabak zabaldu zuten berriro gazte zirela bizimodua ateratzeko. 1949an izan zen hori. Orduan, dantzalekua egin zen famatu. Mallabiko Udalaren laguntzagaz, errepidearen azpian kanpoko dantzalekua jartzen zuten garai batean, eta, baserria konponduta, tabernaren goiko pisura pasa zuten dantzalekua;  beheko pisuan taberna, eta, goian, dantzalekua zegoen. Osabak soinua jotzen zuen bertan. Mallabitik ez ezik, Garaik, Ermutik eta Elgetatik ere etortzen ziren kuadrillak.

Zuk noiz hartu zenuen jatetxea?
1979an, ezkondu nintzenean, 30 urte beranduago. Gurasoek neure gustura jartzen uztea lortu nuenean. Korta kendu eta jantokia zabaldu genuen eta harrezkero lan piloa egin dugu. 40 urte egin ditut hemen lanean. 

Domekan ateak itxiko ditu Trabaku Goikoak. Nola daramazu momentu hori?
Pena handiagaz, bizi guztia daramat hemen. Hemen jaioa naiz, eta hemen bizi izan naiz beti. Baina beste etapa bat hasiko dut. Alde batetik, pozik ere hartuko dut etapa berri hau.

Zertan emango duzu orain denbora?
Lapikoak apur bat ahaztuko ditut, eta behar dudanean baino ez dut kozinatuko (barrez). Mugikorra zelan erabili ikasteko aprobetxatuko dut, galduta nabil-eta. Ilobekin disfrutatzeko ere aprobetxatuko dut. 

Zuen hurrengo belaunaldiak ez du jarraitu gura izan?
Momentuz ez. Badut itxaropena, denbora bat pasata inork testigua hartu dezan... baina, oraingoz behintzat, itxita egongo da. Nahiko nuke baten batek hartzea. Lekua oso ona da. Ermutik asko etortzen dira, ibilaldia egin ondoren txorizoa eta salda hartzera, eta, industrigunea ere ia bertoraino heldu da. 

Zelan hartu du jendeak berria?
Denetarik egon da. Penagaz, harrituta... Baina ulertu dute. Guri heldu zaigu erretiratzeko garaia. Orain, beste norbaitek hartu behar du, gogoagaz.

Zer duzu esateko bezero guzti horiei?
Bezeroei eskerrak ematea baino ez daukat, beti saiatu gara eskatutakoa ematen: taloa, berakatz zopa, tripotsak... bildotsa prestatzeko moduagatik ere ezagunak izan gara.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!