Igor Agirre alkateak "barkamena" eskatu du eta udalak ordenantza bat landuko du antenen inguruan

Joseba Derteano 2019ko abe. 20a, 13:30

Igor Agirre alkateak autokritika egin eta udaleko agintari nagusi moduan "akatsa" onartu eta "barkamena" eskatu du. Azaldu duenez, Orange enpresak San Pedro ermita ondoan antena bat sartzeko eskaera egin zuen irailean. "Arkitektoak egoera aztertu, eta gune horretan azpiegitura hori ipini zitekeela esan zigun", gogoratu du. Beraz, antena ipintzeko baimena eman zuen.

Azaroaren 13an, herri batzar batean, antenaren gaia mahaigaineratu zuten. Herritarren kezka ikusita, beste batzar batera deitu zuen, abendu hasierarako, xehetasun denak emateko. Batzar horren aurretik, arkitektoagaz eta abokatuagaz batu zen. "Orduan konturatu ginen txarto emandako baimena zela. Plan orokor berria partzialki onartuta dago, baina oraindino ez dago publikatuta, eta, beraz, ez dago indarrean. Beraz, indarrean dagoen arautegia hartu behar da kontuan. Araudi horren arabera, antena toki hartan ipintzea ez da legezkoa", azaldu du. Horiek horrela, herri batzarrean antena ilegala zela onartu eta "barkamena" eskatu zuen. "Gure akats handi bat izan da", gehitu du. Joan zen barikuko plenoan, EAJk eta EH Bilduk baimena atzera botatzea onartu zuten, aho batez.

Pleno berean beste erabaki bat ere hartu zuten: antenen inguruko ordenantza bat lantzen hastea, etorkizunean zer antena mota, non eta zein baldintzatan ipini daitekeen zehaztuko duena. Horretarako, gaian aditua den Alberto Arrate abokatuaren laguntza izango dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!