“Herritarren presiorik barik, ez zen atzera botako telefonia antena ipintzeko asmoa”

Joseba Derteano 2019ko abe. 20a, 13:30

Orange konpainiak San Pedro ermitaren inguruan telefonia antena bat ipintzeko asmoa zuela jakitean, hainbat herritar, kezkatuta, mugitzen hasi zen. Informazioa batu zuten eta herritarrak informatu zituzten. Azkenean, ez da antenarik eraikiko, udalak atzera bota duelako baimena. Unai Orberen, Pilar Silvaren, Leixuri Solozabalen, Ianire Matiasen eta Estitxu Imazen ustez, herritarren presioa funtsezkoa izan da erabaki horretan.

Noiz jakin zenuten antena ipintzeko asmoaren berri?
Estitxu Imaz:
Herri batzar batean, alkateak antena bat ipiniko zutela aipatu zuen. Bizilagun batek galdetu zion zer antena mota zen eta zelako kalteak eragin zitzakeen. Alkateak eta zinegotziak antena defendatu zuten, eta informazio gehiago gura bazuen, udaletxean eskaria egiteko esan zion. Gero jakin genuen antenak 40 bat metro zituela.
Leixuri Solozabal: Garrantzitsua da aipatzea informazio hori eman zutenerako dena prest zutela obrekin hasteko.
Unai Orbe: Eta lizentzia emanda zegoen.
E.I.: Kezkatuta irten ginen batzarretik. Interneten informazioa bilatu genuen. Zenbat eta gehiago ikertu, kezka orduan eta handiagoa zen.
L.S.: Ondoren, auzotarrak informatu genituen eta baita eskolako umeen gurasoak ere, antena eskolatik gertu egongo zelako.
E.I.: Gehienen erantzuna beldurra, kezka eta ezjakintasuna izan zen.

Egoera horren aurrean, zer egin zenuten?
E.I: 19 sinaduragaz, azaroaren 22an informazio eskaera bat egin genuen udaletxean, datu gehiago jakiteko: kokapen zehatza, dorrearen ezaugarriak… Egun batzuk geroago konturatu ginen antenaren oinarria ipintzeko obrak hasita zeudela.
E.I: Kezka areagotu egin zen. Abenduaren 2an herri batzar batera deitu genuen eta 50 bat lagun batu ziren. Bildutako informazioa eskaini genuen. Esaterako, Osasunaren Mundu Erakundeak uhin elektromagnetikoak minbiziaren ustezko eragile moduan izendatuta dituela 2011tik hona. Hurrengo egunetan, Alberto Arrate abokatuagaz ere batu ginen. Aditua da gai hauetan. Ondoren, abenduaren 10ean, herri batzarra egin genuen, udalak deituta, eta orduan, akats bat egin zutela esan zuen alkateak.

Uste duzue herritarrak mugitu izanak baduela eraginik erabakian?
E.I/U.O/L.S./P.S./I.M.: Bai, zalantzarik barik.
U.O.: Herritarren presiorik barik, ez zen atzera botako telefonia antena ipintzeko erabakia.
E.I.: Batzar hartan batutako herritarrek ordenantza garantista bat lantzeko eskatu zioten alkateari, bizilagunak eta euren osasuna babesten dituen ordenantza bat.
U.O.: Ordenantza egitea ez da alkatearen ideia. Herritarrena izan da.

Zerbait gehitu gura duzue?
U.O: Kontua ez da antenak inon ez ipintzea. Antenak toki eta modu egokian ipintzea gura dugu, inor bizi ez den inguruan, esaterako. Udalak hasieratik informazio guztia eskaini izan balie herritarrei, hau guztia ekidin zitekeela uste dugu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!