Mallabiko Goita auzoko bizilagunek salatu dute auzo bidetik kanpoko ibilgailu gehiegi igarotzen direla

Igor Galarza 2019ko abe. 16a, 10:48

Urte luzez, Mallabiko Goita auzoko bizilagunek kexaka jardun dute auzoko errepide nagusitik igarotzen diren gehiegizko ibilgailuak direla-eta. "Asko" igarotzen direla salatu dute. Auto, kamioi zein trailerrak ibiltzen dira errepide estu horretan, bizilagunek jakinarazi dutenez. Auzoa zeharkatzen duen errepidea Mallabiko eta Ermuko industrialdeetara heltzen da, eta N-364 errepidetik baino azkarrago heltzen dira. Bizilagunek ahoz aho zabaldu dute gertatzen zaiena,  eta, azaldu dutenez, azken egunotan jaitsi egin da zirkulazioa. "Baina altua da oraindino", gaineratu dute.

Auzokideen berbetan, "jasanezina" da etxe albotik horrenbeste ibilgailu igarotzea. Goita auzoko German Landak esan duenez, "ez da igarotzearen kontua bakarrik, autoek errepidean hartzen duten abiadura ere ez da behar den modukoa". Eta abiadura handiaren arriskuak ere aipatu ditu Landak: "Behin, auto batek nire etxe inguruko horma bat jo zuen".

Arazorik gehienak seinalizazioa dela-eta izan dituzte. Orain hogei bat urte, Trabakua auzotik Goitara desbideratzen den puntuan seinaleak berriztu zituzten, baina bertatik pasatutako gidariek beti esan izan diete bizilagunei ez dituztela seinale horiek ikusi. Gaur egun, obra egiten ari dira desbideratze horretan. Sarbideko seinaleetan ipintzen du ezin dela autorik edo kamiorik pasatu, auzokoa ez bada. "Hala ere, jendeari ez dio ardura.Berdin-berdin etorri eta joaten dira gure auzotik enpresatara", dio Valentin Mugarzak.

Auzoko langileen trabak
Nekazaritzari eta abeltzaintzari lotuta dagoen auzoa da Goita. Hainbatek artaldeak dituzte, eta beste batzuk traktorean ibiltzen dira egin beharreko lanak egiteko. Goitako auzo bidea baliatzen dute puntu batetik bestera abereak zein nekazaritza lehengaiak garraiatzeko. "Askotan gertatu izan da enpresetara doazen auto gidariek eta abarrek ardiak topatzen dituztela errepide erdian, eta behin eta berriro jotzen dute klaxona. Baina ez dute horretarako eskubiderik", esan du Mugarzak.

Goitako bizilagunak jakitun dira gidari guztiak ez direla apropos sartzen auzo bidera. "Hemendik igarotzen diren gidari asko atzerritarrak dira, eta nabigatzaileak hemendik pasatzeko agintzen badie, hemendik pasatuko dira", adierazi dute.

Ibilgailuen masifikazioaren arazoari aurre egiteko, Trabakuko bidean seinalizazio argiagoa ipintzea edo auto eta kamioien zirkulazioa kontrolatzea proposatu du Mugarzak: "Seinaleak eta koskak ipintzeaz gainera, radarrak edo autoen sartu-irtenen denbora kalkulatzeko zerbait behar da. Eta denbora konkretu batetik behera igarotzen denari isuna ipiniko nioke", gaineratu du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!