“Txikitan erroskilen oreagaz jolasten nintzen, umeak plastilinagaz legez”

Aitziber Basauri 2019ko aza. 3a, 10:00

Xabat Osa pastelgile, okin eta harakin familian jaio zen. Sukaldaritza ikasketak egin zituen Leioan, eta, orain, gozogintzan murgilduta dabil, aitagaz eta arrebagaz batera. Umetatik edan dute gozogintzatik etxean, eta aitaren eskutik ikasi du gozogintzari buruz dakien guztia. Salmenta zuzena egiten dute Mañe Azpin, eta merkatuetan ere saltzen dituzte erroskilak, pastelak eta ogia. 

Artisau teknikak erabilita eta garai bateko errezetak eguneratuta egiten dituzue gozoak. Etxeko edo familiako errezetak daude oinarrian?
Etxean erabilitako errezetekin lan egiten dugu, betidanik, baina teknologia berriak sartuta. 100 urtetik gora dira gure aitaren amama honetan hasi zela. Gero, aitita-amamen eskuetara pasatu ziren errezetak, aitak lekukoa hartu zuen arte. Orain, neba-arrebak gabiltza aitagaz.

Zelan definituko zenuke zure gozogintza?
Lehengai naturalekin lan egiten dugu beti, bertako lehengaiekin ahal dela: Berrizko arrautzak, Mallabiko esnea….  Gure produktua naturala izatea gura dugu, eta lehengai ona erabilita produktu ona lortzen da.

Zerk motibatu zintuen gozogintzan hastera?
Harrapatu egiten du. Txikitatik ikusi dut aita gozogintzan, eta horrek beti motibatu izan nau. Aitak zelan disfrutatzen zuen ikusita, nik neuk ere gozatu dut.

Baduzu haurtzaroagaz lotutako kapritxorik?
Beti gustatu izan zaizkit erroskilak. Txikia nintzela,  aitaren ondoan egoten nintzen bera beharrean zebilela. Erroskilen oreagaz jolasten nintzen, umeak plastilinagaz legez. Segituan ikasi nuen. Gustatuz gero, eta joera izanez gero, gozatu egiten duzu umea izanda ere.

Zeintzuk dira zuek egindako gozoak?
Bizkotxo naturala, frutagaz eta maspasekin edo intxaurrekin eta almendrekin egindakoak, kokoak, erroskilak, madalenak… Txantxingorria ere egiten dugu, txerriaren txintxortagaz eta koipeagaz egindako gozoa. Antzina, baserrietan egiten zen. Kremazko eta txokolatezko euskal pastela ere egiten dugu, pastatxoak... eta azkenaldian gazta tarta berri bat, kapritxosoagoa, gazta natural onagaz egindakoa.

Horietariko zeinek du arrakastarik gehien?
Ogiak, erroskilek eta kokoak. Horiek bereizten gaituzte besteengandik. Euskal pastela eta bizkotxoa ere oso ondo saltzen ditugu.

Gozozalea zara? Erraz eusten diozu tentazioari?
Egindakoa probatu egin behar da tarteka-tarteka, baina aspalditik ez dut tentaziorik izan. Gozozalea naiz, baina ohitu gara inguruan gozoa edukitzera.

Gurago ditugu garai bateko zaporeak?
Gure kasuan, bai. Bezeroek betiko zaporeak eskatzen dituzte.

Pentsatu duzue berritzailea den gozoren bat egitea?
Beti gabiltza aldatzen. Sasoiaren arabera aldatzen dugu, apur bat berrizten joateko. Bestela, gozogintza industrialak jan egiten zaitu. Orain egiten hasi garen gazta tarta berezia, adibidez, ez duzu beste inon topatuko.

Postre txar batek bazkaria edo afaria zapuztu lezake?
Bai horixe! Postrerako lekua uzteko joera dugu, eta behin helduta txarra bada…

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!