“Batzuek ez dute asimilatu iraultza benetan datorrela”

Joseba Derteano 2019ko uzt. 19a, 08:44
Amaia Araiztegi Mallabiko pilotalekuan (Argazkia: Lehior Elorriaga)

Emakumeen pilotak oihartzuna irabazi du azken lau-bost urteetan. Batez ere, esku pilotan izan da gorakada, enpresa pribatuek antolatutako txapelketekin. Baina sozialki gertatu den gorakada hori ez da proportzio berean islatu pilotarien lanerako baldintzetan. Egoeragaz nekatuta, aginte makila hartzea erabaki eta Emakume Pilotarien Elkartea sortu dute 80 bat pilotarik. Amaia Araiztegi (Mallabia, 1997) pilotaria elkarte horretako kidea da.

Gaur egun enpresa pribatuen eskuetan daude txapelketak?
Esku pilotaren kasuan, enpresa pribatu mordoa agertu da azkenaldian. Enpresa horiek negozio itzela egiten ari dira gure kontura. Diruaren usainera hurreratu dira. Eta gu, hortxe gaude, ahaztuta, betiko lez. Ez dirurik eta ez baliabiderik. Bitartean, eurek dominatxoak eskegitzen dituzte paparrean, emakumeak plazara atera dituztela-eta. Badakite gaur egun dagoen dominarik preziatuena berdintasunarena dela eta aprobetxatu egiten dute.

Telebistan ikusten ez den errealitate bat dago atzetik?
Bai. Master Cup eta halako txapelketak hasi direnetik, eta horiei eskerrak, asko bisibilizatu da emakumeen pilota. Hori egia da. Partiduak telebistan emateak aldea markatzen du. Baina, batzuetan, “zenbat neska hasi zareten pilotan!” eta antzerakoak entzuten ditudanean grazia egiten dit. Sekula ere ibili ez bagina lez. Emakumeok beti ibili gara pilotan. Ez da gauza berria. Ni lau urte nituenetik nabil frontoian, esku pilotan edo paleta goman. Eta nire aurretik makina bat aritu dira, eta euretako batzuek oraindino ere jarraitzen dute.

Esku pilotan ez ezik paleta goman ere ibilitakoa zara, urte askoan. Modalitate horretan, sentitu duzue esku pilotan izan den hazkundea?
Paletan ez dut horrelakorik bizi izan. Baina, egia esan, azken urteetan neska gazte dezente hasi dira palan jokatzen Mallabian. Umea nintzenean lau katu ginen eta, gerora, 15 bat neska ibili dira. Boom momentu bat izan zen.

Sozialki gertatu den gorakada hori pilotarien baldintzetan ez dela maila berean islatu diozue. Gaur egun zeintzuk dira desoreka eta beharrizanik handienak?
Behinena oinarri bat sortzea da: materiala, egutegi bat… hamaika kontu daude. Gauza txikietatik hasita, denei pala eta kamiseta bana emateko aukera izatea, esaterako. Orain, azpian sarerik ez duen soka gainean balantzan gabiltza.

Alderdi ekonomikoan, esaterako, zein da gaur egungo egoera?
Partidu asko dohainik jokatzen ditugu. Kobratzen dugunetan ez dago oinarri finkorik: orain 80 euro, orain 20… Herri bakoitzak ahal duena ematen duela esaten dute. ‘Ahal duena’ horrek grazia egiten dit, zeren eta, beharbada, gure partiduaren osteko kontzertua Gatiburena izango da. Ahal denaren eta gura denaren artean tarte bat dago.

Denboraldiko pilota egutegiari dagozkion kezkak ere plazaratu dituzue. Zeintzuk urrats eman daitezke arlo horretan?
Gauza asko egin daitezke, baina, esaterako, pilotarien agendak hobeto kudeatu daitezke. Paleta goman badaude pilotariak urtean txapelketa bat bakarrik jokatzen dutenak. Zergatik gertatzen da hori? Zergatik federazioek ez dituzte txapelketa gehiago antolatzen? Eurei galdetuta, diru falta da betiko aitzakia. Baina ez da federazioen kontua bakarrik. Kirol elkarteek ere batzuetan dena ipintzeko eskatzen diete federazioei, eta hori ez da posible.

Entrenamenduak, pilotarien prestakuntza eta teknifikazioa. Zein da egoera alderdi horretan?
Egon izan dira teknifikazio entrenatzaileak. Maitane Aburuzagaz eta Maider Mendizabalegaz ibili izan naiz. Eurak, hein handi batean, pilota maite zutelako aritu ziren. Baina denak muga bat du eta utzi egin zuten. Urte bi daramatzat entrenatzailerik barik eta neure kontura entrenatzen. Pilotarien maila hobetzeko, distira berri bat lortzeko, beharrezkoak dira teknifikazio arloko entrenatzaileak eta prestatzaile fisikoak. Badakit ez dela erraza dena lortzea. Denok gure partetik gehitxoago jarrita aurrerapausoak ematea da kontua.

Elkartea sortu aurretik, ahalegindu zineten enpresekin batzartu eta egoera bideratzen?
Batzarretara joan eta zure iritzia eman dezakezu, baina dena azaleko aldaketetan geratuko da. Esaterako, 35 euro eskaini ahal dizkizute partiduko. Diru horregatik etxetik irtetea ez zait errentagarri egiten, baina eurak mesede bat egiten arituko balira moduan mintzatzen dira. “Telebistan agertuko zara eta, gainera, 35 euro kobratuko dituzu”. Fabore tonu horretan esaten dizute. Beraz, bai, joan zaitezke eta 50 euro eskatu, gasolinatarako gutxienez, baina horregaz ez da sakoneko arazoa konpontzen.

Arazo horiek eta beste batzuk kudeatzeko helburuagaz sortu duzue Emakume Pilotarien Elkartea. Apurka su txikitan kozinatzen ibili zareten ideia bat izan da?
Betidanik gura izan dugun zerbait da. Denbora luzez elkarri esan izan diogu: “Egunen batean zeozer egin beharko dugu, ba”. Egoeragaz gogaituta geunden. Orain gorpuztu den nahi hori aspaldikoa da. Patricia Espinar pilotaria hasi zen kontu hau mugitzen, Avento kirol elkarteko Ainhoa Azurmendiren aholkularitzagaz. Emakume pilotarien egoera okerrera zihoala ikusita, Azurmendik aholkatu zuen bazela sasoia aginte makila hartzeko, gurea geuk kudeatzen hasteko. Orain urte eta erdi inguru izan zen hori.

Zuk zeuk nola jakin zenuen asmoaren berri?
Aldagela batzuetan izan zen, partidu baten ondoren. Patri Espinar eta Maider Mendizabal pilotariek esan zidaten berotuta zeudela kontu horregaz, eta nire iritzia eskatu zuten. “Dudarik barik, aurrera!”, erantzun nien. Beste pilotari batzuengana ere joan ziren iritzi eske. Azken batean, ezin genuen honegaz aurrera egin lau katu izanda. Edo denak batzen ginen edo ez gindoazen inora. Argi geneukan hori. Azkenean, 80 bat batu gara. Kopuru itzela da!

Zeintzuk dira elkartearen helburu nagusiak?
Labur esanda, emakumeen pilota bultzatzea, gestionatzea, erregulatzea eta egituratzea.

Elkarte berria enpresen aurrean presioa egiteko bilgune bat bakarrik izango da ala txapelketak antolatzen zein egutegiak osatzen ere lan egingo duzue?
Federazioekin elkarlanean, txapelketa batzuk geuk antolatuko ditugu, eta denon artean denontzat egokia den egutegi bat diseinatzen ahaleginduko gara. Guk antolatuko duguna elite mailako txapelketa izango da seguruenik, aginte makila hartuta, eta federazioagaz elkarlanean bada, askoz ere hobeto. Badakit lan handia duguna aurretik. Egiten ari garen lanaren benetako emaitzak hemendik hiru edo lau urtera ikusiko ditugu, zorte apur bategaz.

Hordagoa bota duzuenetik begirada okerrik sentitu duzue?
Batzuk poztu egin dira, beste batzuk zer gertatuko den zain daude eta, nire ustez, beste batzuek oraindino ez dute sinesten abentura hau ondo irtengo denik. Esango nuke ez dutela asimilatu iraultza benetan datorrela. Batek baino gehiagok susto itzela hartu behar dute hemendik denporatxo batera.

Federazioek ondo hartu dute zuen erabakia?
Orokorrean, bai. Federazioekin elkarlanean aritu gura dugu. Ez goaz euren kontra edo eurei ezer kentzen. Bidelagun gura ditugu. Seguruenik, enpresa pribatuekin gatxagoa izango da hartu-eman horiek bideratzea.
 
Dirua behar da egitura sendo bat sortzeko. Zelan lortu daiteke?
Gutxiengo kopuru bat, martxan hasteko adinakoa, gugandik etorriko da. Etorkizunera begira, gugaz lan egin gura dutenak bilatzea izango da helburua. Badugu ibilbide orri bat. Badakigu gatxa izango dena, behin baino gehiagotan jausiko garena, baina prest gaude bide hori egiteko.

Zeintzuk dira zuen ibilbide orriko hurrengo urratsak?
Kontu berria da guretzat. Mila bide eta zalantza daude aurretik, eta gure artean apurka-apurka erabaki bateratuak hartzen joan behar dugu. Eta bagabiltza horretan. Udaletxeetara ere jo dugu, pilota jaialdiak lotu guran. Hasierako hartu-emanak dira, batak zer eman eta besteak zer eskaini dezakeen jakiteko. Oraingoz jarrera ona sumatu dugu.

Pilota eskolek zer funtzio dute zuen egituran?
Bidelagun gura ditugu. Martxan jarri duguna ondo badoa, pilotari gazteak etorriko dira eta gazteak hortik datoz, pilota eskoletatik.

Zu paleta goman eta esku pilotan, bietan zabiltza. Zein modalitatetan sentitzen zara gusturen?
Esku pilota da nire modalitate kutuna. Umetatik 14 urtera arte esku pilotan ibili nintzen. Adin horretatik aurrera ezin izan nuen jarraitu, emakumeetan ez zegoelako oinarririk horretarako. Beraz, paleta gomara aldatu nintzen. Gerora, 18 bat urtegaz berriro hasi nintzen esku pilotan, eta gaur egun gustura nabil.

Azkoitian Emakume Pilotarien Elkartea aurkeztu zuteneko irudia (Argazkia: Maxixatzen)

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!