Nola jaso duzue gonbita?
Santos: Pozik, dantza taldea gogoan hartu dutelako. Guk utzi genuenetik, taldeak etenen bat edo beste izan du, dantzari edo arduradun faltagatik, baina aurrera jarraitu du eta pozgarria da.
Mari Karmen: Hala da, bai. Horregatik, dantzari guztiak gonbitatu gura ditugu parte hartzera.
Hala ere, zuen taldea sortu aurretik ere bazeuden dantzariak Mallabian.
Santos: Bai. 1934an Dantzari Dantza egin zuten Mallabian. 14 urte bueltako dantzari taldea zen, argazki zaharretan ikusten denez. Sakristauak osatu ei zuen taldea. Urte batzuetan ibili ziren, gerra zibila heldu arte. Gerora hasi ginen gu, 1969an. Gazte batzuk herriko ohiturak berreskuratu guran hasi ziren eta, besteak beste, taldea sortu zen. Neu nintzen gazteena taldean, 14 urte nituen. 14 bat mutiko ginen.
Nola gogoratzen duzu sasoi hura?
Santos: Dantza taldea gazteak elkartzeko bidea izan zen. Zapatu iluntzero batzen ginen, entseatzeko, eta oso ondo pasatzen genuen. Antzerkia egiten ere hasi ginen. Garizuman debutatu genuen, martxo amaieran. Elizpean jende piloa batu zela dut gogoan, euria zen eta. Ikusmin handia sortu zen.
Mari Karmen: Ez dut oroitzapen askorik, baina bai pozik ibili nintzela, 16 urtegaz amak Eibarrera neskame bidali arte. Andra Marietan eta auzoetan dantzan egiten genuen.
Durangaldeko elizate guztiek lez Mallabian ere herriko bandera erabili duzue dantzariok.
Santos: Bai, baina oraingoa erreplika da. Orain urte batzuk desagertu zen jatorrizkoa. Pena dut horregaz. Gogoan dut zer zeukan idatzita. Alde batean, 'Mallabiko dantzariak', eta bestean, herriko armarriaren gainean, 'Gora Euskal Herria'.
Jaietarako desio bat?
Santos: Jaietan ahalik eta ondoen pasatzea.
Mari Karmen: Santosen moduan neuk ere, eta dantza taldeak aurrera jarraitzea ere bai.