Egun osoko egitarau zabal bategaz, mallabitarrek San Roke eguna ospatuko dute abuztuaren 16an

Maialen Zuazubiskar 2019ko abu. 6a, 10:00
Argazkia: Kepa Bordés

Abuztuaren 14an, alkate txikiak pregoia irakurrita eta Gazte Alai dantza taldeak txupinazoa jaurtita hasiko dituzte Andra Mari jaiak Mallabian. 

Aurtengoan ere, gustu guztietarako ekintzak egongo dira eta eskaintza kultural zabala izango da. Hilaren 15ean, esaterako, The Funes Troup kale antzerkia egongo da, eta, ondoren, Korrontzi dantza taldearen ikuskizuna.

San Roke eguna izango da mallabitarrentzat egun handia, abuztuak 16. Egun horretarako, egun osoko egitaraua antolatu dute. Goizetik paella eta marmitako txapelketan batuko dira mallabitarrak, eta herriko trikitilariek girotuko dute goiza. Horrez gainera, urtero moduan, jubilatuek bazkaria egingo dute Kontzejuzarren. 

Bestalde, arratsaldean, 16:00etan, jubilatuentzat Duo Jamaica taldearen kontzertua egongo da Kontzejuzarren, eta 17:30ean kuadrillen arteko jolasak egingo dituzte. Iluntzean, txarri errea eta sagardoa banatuko dituzte. Dantzan emango diote amaiera egunari, Luhartz taldearen erromeriagaz.

Pilota partiduak 14an
Abuztuaren 14an, jaiak hasten diren egunean hain zuzen, pilota partiduak jokatuko dituzte Mallabian. Partidu nagusian, Danel Elezkanok eta Jose Javier Zabaletak Jokin Altunaren eta Beñat Rezustaren aurka jokatuko dute. Horien aurretik, Aitor Mendizabal eta Oier Mendizabal Aitor Elordi mallabitarraren eta Xabier Tolosaren aurka arituko dira.  Pilota partiduak 21:30ean hasiko dira eta sarrerak aurrez erosteko aukera egongo da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!