Iker Salaberria goizuetarrak bigarren urtez jarraian jantzi dezake txapela Biharko Izarrak txapelketan

Joseba Derteano 2019ko eka. 7a, 12:00

Mallabiko Biharko Izarrak pilota txapelketako finalak jokatuko dituzte gaur, 19:30ean hasiko den jaialdian. Bertan, Iker Salaberria aurrelari nafarrak txapelketa bigarren urtez jarraian irabazteko aukera izango du, binaka.

Iaz, Salaberriak Aitor Aranguren gipuzkoarragaz osatu zuen finaleko bikotea, eta izerdia ondo botata jantzi zuten txapela: 22-21, Javier Zabalaren eta Aitor Alduntziren kontra.

Aurtengo finalean ez dago faborito argirik. Salaberriak Iker Elizegi asteasuarragaz osatuko du bikotea. Apirilean, elkarregaz jokatuta, Goñiren oroimenezko txapelketa irabazi zuten, Donostian. Final hartako aurkari bat, Iñigo Bikuña, aurrez aurre izango dute gaur Mallabian. Laster Aspe enpresagaz profesionaletan debutatzeko den donostiarrak Oihan Kanabal igantziarra izango du bikotekide. 

Binakakoaren aurretik, Gutierrezek eta Larrazabalek lau t'erdiko finala jokatuko dute.

Otaduy finalaren atarian

Gorka Otaduy berriztarrak oso txapelketa ona burutu arren, finalaren atarian geratu da. Finalerdietan, Aitor Etxebarriak eta biek 8-22 galdu zuten, Kanabalen eta Elizegiren aurka. Urduritasunak eraginda, galtzaileek ez zuten euren jokorik onena erakutsi.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!