“Mailara egokitu naiz eta neure lekua aurkitu dut; gakoa hor dagoela esango nuke”

Maialen Zuazubiskar 2019ko mai. 16a, 08:44

Bere kirol ibilbideko unerik onenetariko batean dago Aitor Elordi pilotari mallabitarra. Apirilean binakako promozio mailako txapela irabazi ostean, joan zen asteburuan buruz buruko finalerako txartela lortu zuen. 

Javier Zabalari 22-14 irabazita, buruz buruko txapelketarako txartela lortu duzu. Nola ikusi zenuen zeure burua joan zen asteburuan?
Partiduko lehen zatian abantaila dezente hartu nuen, eta bigarren zatian ondo etorri zitzaidan hori. Bigarren zati horretan Zabala buru-belarri sartu zen partiduan, eta gogor astindu zuen pilota. 14-16 hurbildu zitzaidan. Gero, sakea neuk hartu eta, zorionez, 22ra arte jo nuen zuzenean. Partidu gogorra eta tentsio handikoa izan zen. 

Partiduan fresko eta konfiantzagaz egon zinen. 
Egia esan, partidu horretara konfiantza handigaz joan nintzen, fisikoki ondo prestatuta nengoelako alde batetik, eta aurreko partidua irabazteak konfiantza eman zidalako bestetik. 

Axpek buruz burukoa jokatzeko aukera eman zizunean, zeure burua finalean ikusten zenuen? 
Udatik oso bolada onean nabil eta Axpekoek txapelketa jokatzeko aukera eman zidatenean, modalitate horretan lehiatzeko prest nengoela ikusi nuen neure burua. Buruz burukoa modalitate gogorra da, eta, egia esan, aukera eman zidatenean asko poztu nintzen. Baina ez nuen uste finaleraino helduko nintzenik. 

Zelan ikusten duzu zeure burua finalerako?
Ondo eta gogotsu. Azkenaldian konfiantzaz nabil jokatzen. Ondo nago fisikoki, eta psikologikoki ere aurrera egin dut. Horri esker, ondo enfokatzen ditut partiduak.

Aurten kalitatezko salto bat eman duzu. Zein izan da gakoa?
Mailara egokitu naiz eta neure lekua aurkitu dut; gakoa hor dagoela esango nuke. Gauza bakoitzak bere momentua behar du. Debutatu nuenetik, topera nabil lanean, eta nahiz eta hobekuntza orain ikusi, antzeko martxan aritu naiz entrenatzen. Debutatu nuenean, agian ez nintzen guztiz zailduta egongo, baina egindako lanak fruituak eman ditu. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!